Txikipedia:Robot
Robotak pertsona baten laguntzarik gabe zereginak egiten dituzten makinak dira. Jende askok pentsatzen du robotak pertsonak bezalakoak diren eta pertsonek bezala jokatzen duten makinak direla; robot gehienek, ordea, ez dute pertsonen antzik. Gainera, robotak helburu jakin baterako eraikitzen dira eta helburu horren araberako ekintzak baino ezin dituzte egin.
Nola funtzionatzen dute?
Robot gehienak ordenagailuz kontrolatutako gailuak dira, eta pieza edo zati dituzte. Robot industrial bat, adibidez, beso forma duen makina bat izan daiteke, hainbat artikulaziotan biratu daitekeena. Esku baten antzeko zatia dauka, gauzak heldu eta eusteko. Motorrak izaten dituzte, piezak mugitu ahal izateko.
Robot batzuei lan bat egiten "irakatsi" ahal zaie. Adibidez, pertsona batek robot industrial bat gidatu dezake, zerbait egiteko beharrezkoak diren mugimenduen bidez. Robotaren sentsoreek mugimenduei buruzko seinaleak ordenagailura bidaltzen dituzte. Ordenagailuak mugimendu horiek "ikasi" egiten ditu eta, geroago, ordenagailuak robotari esan diezaioke mugimendu hori egiteko.
Zertarako erabiltzen dira?
Industriako robot gehienak fabriketan erabiltzen dira. Robot batzuek materialak kargatu, mugitu eta deskargatzen dituzte. Beste batzuk muntaketa-lerroetan erabiltzen dira, autoak eta etxetresna elektrikoak bezalako gauzak eraikitzen laguntzeko.
Robotak bereziki baliagarriak dira pertsonentzat arriskutsuak izan daitezkeen gauzak egiteko. Adibidez, itsasoko sakonera handietara edo espaziora bidal daitezke. Robotek material arriskutsuak ere manipulatu ditzakete, hala nola hondakin erradioaktiboak edo produktu kimiko kaltegarriak. Bonbak bota edo espioitza lanak egin ditzakete militarrentzat.
Robotak zientzia fikzioan
Robotak zientzia fikzioan agertzen dira askotan, etorkizunean edo beste mundu batean girotutako istorioetan. Zientzia fikziozko liburuetako, telebista saioetako eta filmetako robotak androideak izaten dira: sarritan bi hankaren gainean ibiltzen dira eta pentsatu, entzun eta hitz egiten dute. Benetako robotak gero eta konplexuagoak diren arren, ez dira zientzia fikziozko robot horiek bezalakoak.
Historia
Antzinako Greziako eta Txinako idazki zahar batzuetan, automata izeneko jostailuak aipatzen dira; automata horiek robotak bezalakoak ziren; lurrunaren, airearen, uraren edo pisuen indarrez mugitzen zituzten. 1700. urtearen amaieran eta 1800. urtearen hasieran, automata konplexuek musika jo edo paper gaineko boligrafo batekin idatz zezaketen. Denbora horretan, lan mota jakin batzuk egiten laguntzeko makina ugari asmatu ziren. Robot modernoak ordenagailuak asmatu ondoren bakarrik sortu ziren. Ordenagailuekin, jendeak robotak programatu zitzakeen beren kabuz era askotako lanak egiteko.