Txikipedia:Prezipitazio (meteorologia)

Prezipitazioa, meteorologian, hodeietatik lurreraino erortzen diren ur partikulei deitzen zaie; ur-partikula horiek egoera likido nahiz solidoan egon daitezke. Beraz, euria, elurra, elurbustia eta txingorra prezipitazio-motak dira.

Prezipitazioen banaketa munduan, hilabeteka.

Prezipitazioak aztertzen dituen meteorologiaren adarrari plubiometria deitzen zaio.

Prezipitazioak uraren zikloaren zati garrantzitsu bat dira, ura lurzoruan ezartzen duelako. Hodeiek egiten dute prezipitazioa, eta grabitateak eramaten du lur gainera. Kantitatea eta maiztasuna desberdinak izaten dira lekuaren eta urtaroaren arabera.

Nola gertatzen da?

Prezipitazioa hodeietatik dator. Atmosferako hezetasuna hodeietan biltzen da, ur-tanta edo izotz-ale txiki-txikiak osatuz; hodeietako ur hori oso tamaina mikroskopikoan banatuta dagoenez, airean flotatu egiten dute, eta haizeak mugi ditzake leku batetik bestera.

Hodei guztiak urez eginda daude, baina hodei guztiek ez dute prezipitaziorik eragiten. Hodeietan bildutako lurrun kantitatea handitzen denean, edo airea hozten denean, ur-tanta edo izotz-aleak ere trinkotu edo kondentsatu (batzuk besteekin elkartuz handitu) egiten dira, eta, pisua hartzen dutenez, flotatzeari utzi eta grabitatearen indarrez lurrerantz erortzen hasten dira. Eguraldiaren egoeraren arabera, prezipitazio-mota desberdinak gertatzen dira:

  • Euria: euria gertatzen da lurrean edo airean tenperatura 0 ° C-tik gorakoa denean (uraren izozte puntua) eta hodeietako urak egoera likidoa hartzen duenean.
  • Elurra: lurrazaletik gertu dagoen tenperatura 0 ° C-tik beherakoa bada, erortzen diren ur-tantek egoera solidoa hartzen dute elur-malutak osatuz.
  • Txingorra: ur-tanta mikroskopikoak gorantz bultzatzen badira tenperatura hotzagoa dagoen altueretara, izoztu egiten dira eta pixkanaka trinkotzen eta izotzezko ale handiagoak osatzen hasten dira.

Nola neurtzen da?

Lurzoruko leku jakin batean erortzen den prezipitazio-kantitateari plubiositatea deitzen zaio. Plubiositatea neurtzeko, zenbait instrumentu erabiltzen dira: euri-neurgailua edo plubiometroa, radar meteorologikoa, etabar.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.