Txikipedia:Praga
Praga Europako erdialdean dagoen hiri bat da; gainera, Txekiar Errepublika deitzen den herrialdeko hiriburua eta hiri handiena da. 2018ko datuen arabera, ia 1,3 milioi biztanle ditu, eta haren inguruetako metropoli-eremuan ia 2,6 milioi biztanle bizi dira.
Hiria Moldava ibaiaren bi aldeetan dago. Oso hiri ederra izateko ospea izan du Erdi Arotik, eta "Praga urrezkoa" edo "Ehun zubien hiria" deitzen diote; monumentu eta eliza asko ere baditu, eta horregatik "ehun kupulen hiria" ere deitzen diote. Oso leku turistikoa da: Europako seigarren hiririk bisitatuena da, Londres, Paris, Erroma, Madril eta Berlinen ondoren. Urtea, bost milioi bisitari baino gehiago iristen dira Pragara.
Bilborekin senidetuta dago, besteak beste; horrek esan nahi du bi hiriek adiskidetasun-lotura ezarri dutela elkarren artean, elkarri laguntzeko edo elkarren arteko harremanak sendotzeko asmoz.
Historia apur bat
Antzina, lur hauetan teutoi izeneko jendea bizi zen, eta geroago, Erdi Aroaren hasieran, eslaviarrak nagusitu ziren. Denbora luzez, txekiarrekin batera jatorri alemaneko jende ugari ere bizi zen hirian. Pragako idazlerik ospetsuenak, Franz Kafka txekiarrak, alemanieraz idatzi zituen bere literaturlanak, adibidez.
Germaniako Erromatar Inperio Santuaren garaian, X. eta XVIII. mendeen artean, Praga izan zen inperio horretako hiririk garrantzitsuenetako bat; geroago, XVIII. mendetik XX. mende hasierara arte, Austria-Hungariako Inperioaren barruan egon zen. 1939tik 1945ean, naziek inbaditu zuten, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren jatorri alemaneko biztanleak kanporatu egin zituzten.
Leku ikusgarriak
Hiriko alde zaharrak Erdi Aroan zuen itxura du oraindik. 1992an, UNESCOk Gizateariaren Ondare izendatu zuen. Eraikin garrantzitsu batzuk geroagokoak dira; adibidez, San Nikolas eliza barrokoaren garaikoa da, XVIII mendekoa. Oso leku bisitatua da Karlos zubia, hiriko zubirik zaharrena (XIV. mende erdian hasi zen eraikitzen).
Pragako gaztelua (XIII. mendekoa) eta haren inguruan dagoen Mala Strana auzoa ere oso ederrak dira. Hiriko udaletxe zaharrean, badago dorre bat oso ospetsua bere erloju astronomikoagatik; hiri zaharreko plazan dago, eta jende asko erakartzen du.
Arkitektura modernoak ere badu lekurik Pragan; adibide interesgarri bat Etxe dantzaria delakoa da. Haren diseinatzaileetako bat Frank Gehry arkitekto ospetsua da.
- Franz Kafkaren monumentua
- Hiriko plaza zaharra
- Udaletxe zaharreko erloju astronomikoa
- Etxe dantzaria