Txikipedia:Posta elektroniko

Posta elektronikoak ordenagailuaren bidez beste pertsona batzuekin komunikatzeko balio du; mezu elektronikoak bidali eta jasotzeko, alegia. Mezuekin batera, testuak, argazkiak, soinua, marrazkiak eta beste gauza gehiago ere bidal daitezke: horiei fitxategi atxikiak deitzen zaie. Mezu horiek ohiko posta zerbitzuaren bidez bidaltzen direnen antzekoak dira, baina askoz bizkorrago iristen dira, baita munduko bazterrik urrunenetara ere, eta ez dute zigilurik behar. Ohiko postak bezala, posta elektronikoak ere erabiltzen ditu bitarteko "postontzi" edo "postetxe" moduko batzuk (zerbitzariak deitzen direnak), helbidera iritsi baino lehen bertan gordetzeko.

A bildua ikurra, posta elektroniko guztietan topa daitekeena.

Posta elektronikoa erabili ahal izateko, Internetera konektaturik dagoen ordenagailu, telefono edo tablet bat behar da, bai eta posta edo email programa bat ere.

Interneteko enpresa batzuek doaneko posta-zerbitzua eskaintzen dute; haien artean Gmail, Hotmail eta Yahoo! dira erabilienak.

Posta elektronikoa Internet bera baino lehenagoko asmakuntza da. 1965ean hasi zen erabiltzen superordenagailu batean, eta berehala hasi zen zabaltzen ordenagailu-sareen bidez. Geroago, 1971n, Ray Tomlinson izeneko programazio-ingeniari batek asmatu zuen gaur egun erabiltzen dugun sistema; berak sartu zuen a bilduaren ikurra (@), erabiltzailearen eta posta gordetzen duen ordenagailuaren arteko banaketa adierazteko. Ikur hori, ingelesez, "at" irakurtzen da, eta erabiltzaile horren postontzi elektronikoa zein zerbitzutan dagoen adierazten du; alegia, adibide@makina.com helbideak esan nahi du adibide hori makina puntu com zerbitzuan topa daitekeela, hari mezu bat bidaltzeko.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.