Txikipedia:Politeismo
Politeismoa erlijio-doktrina mota bat da, jainko bat baino gehiago daudela onartzen duena. Hitza grezieratik dator, πολύ (“poli”, asko) eta θεος (“theos”, jainko) hitzetatik. Monoteismoaren aurkakoa da, hau da, jainko bakar bat dagoela adierazten duen doktrinaren aurkakoa.
Erlijio politeistetan, jainko eta jainkosa ezberdinak naturaren indarren (tximista, itsasoa, sumendiak...) edo gertakari naturalen (heriotza, haurdunaldia, gerra...) irudikapenak izan ohi dira. Gainera, jainko bakoitza bakarka gurtu daiteke, irudikatzen duten gertakizunaren arabera. Erlijio politeisten mitologiek, munduaren edota gizakien jatorria azaltzeko, jainkoen arteko harremanak erabili ohi dituzte.
Politeismoa oso hedatua zegoen Antzinaro klasikoko erlijioetan, batez ere antzinako greziarren eta erromatarren kasuan, antzinako Mesopotamian, bai eta inka, maia eta azteken kasuan ere, beste hainbat herri amerindiarren artean. Beste antzinako herri asko politeistak izan ziren halaber, hala nola: germaniarrak, antzinako egiptoarrak, zeltak eta eskandinaviarrak.
Gaur egungo erlijio politeistak taoismo txinatarra, erlijio txinatar tradizionala, sintoismo japoniarra eta santeria afro-kubatarra dira, besteak beste.
Erlijio politeisten jainko guztiek ez daukate maila edo garrantzi berbera, eta ez dira modu berean edo gogo berarekin gurtzen. Erlijio politeista batzuek garrantzi handiagoa ematen diote jainko bati, beste jainkoen gainetik. Hori, hainbat antropologoen ustez, monoteismoarekiko urratsa da.
Hala ere, erlijio politeistak ez dira erlijio monoteistak bezain zurrunak; hau da, oro har, beste pertsonen sinesmenak eta erlijioak gehiago onartzen dituzte. Malgutasun hori kasu askotan aurkitu daiteke antzinako erlijioen historian. Adibidez, erlijio baten jainko tradizionalei beste herrialde bateko jainkoak gehitzen zitzaizkien; edo bi jainko batzen zituzten, eta beraz jainko berri bat sortzen zen. Hala, hainbat herrialdek jainko bera gurtu zezaketen.