Txikipedia:Pluton (planeta nanoa)

Pluton gure Eguzki-sistemako planeta nano bat da; planeta nanoak ez dira planetak, baina bai oso antzekoak. Pluton, adibidez, gure Ilargia baino txikiagoa da: Ilargiaren diametroaren bi heren (⅔) ditu Clyde W. Tombaugh izeneko astronomo estatubatuar batek aurkitu zuen 1930ean; ordura arte, zientzialariek, Neptuno izeneko planeta aztertzean, ikusia zuten orbita apur bat bitxia egiten zuela Eguzkiaren inguruan. Horren arrazoi bakarra izan behar zuen argizagi edo gorputz astronomikoren bat egongo zela haren ondoan eta haren ondorioz zuela Neptunok orbita apur bat aldatua.

   Ba al dakizu   
Plutonen azalera
Planeta nano honen azalerak asko laguntzen digu haren tamaina ulertzeko: Plutonek 17 milioi km² ditu, eta Errusiak ia 17,1 milioi km². Beraz, Plutonen azalera txikiagoa da Errusiakoa baino.
Pluton, espazio-zunda batek 2015ean egindako argazki batean.

Harkaitzez eta metano, ur eta nitrogeno izoztuz egina dago. Pluton izena hildakoen munduko jainko baten izena da. Eguzkitik oso urrun zegoelako jarri zioten.

Zergatik da planeta nano bat?

2006. urtera arte, Eguzki-sistemako bederatzigarren planetatzat hartu zen. Aurreko urteetan, astronomoek gero eta gorputz astronomiko txikiagoak aurkitu zituzten Eguzki-sisteman; eta, hain txikiak zirenez, ezin zieten planeta deitu. Horregatik, Pluton bera ere planeta izateko txikiegia zela erabaki zuten, eta planeta nanoen artean sartu zuten. Egiazko planeta izan balitz, bere orbitan aurkitzen dituen beste gorputz astronomiko batzuk irentsi edo erakarri egingo zituen.

Beste ezaugarri bereziren bat ere badu. Adibidez, Eguzki-sistemako zortzi planeten orbitak norabide berean mugitzen dira; Plutonen orbita, aldiz, oblikuoa da haiekiko. Gainera, arrautza baten forma du haren orbitak. Batzuetan, Neptuno baino hurbilago dago Eguzkitik, eta beste batzuetan urrutiago.

Hain urrun al dago?

Pluton eta Karonte (irudi artistikoa).

Pluton Eguzkitik zeinen urrun dagoen konturatzeko, datu interesgarri bat: Lurrak urtebete behar du Eguzkiaren inguruko orbita oso bat egiteko; bada, Plutonek 247 urte behar ditu; askoz orbita zabalagoa du, beraz.

Txikia izan arren, Plutonek bost ilargi ditu; haietako batek, Karonte izenekoak, Plutonen tamainaren erdia du. Hori ere oso ezaugarri bitxia da; horregatik, zientzialari batzuek uste dute Karonte ez dela egiazko ilargi bat eta bai, aldiz, biek batera halako "planeta nano bikoitz" bat osatzen dutela.

Zergatik Pluton ez da planeta bat?

Zergatik ez da Pluton planeta bat?. Ikasi Otsorekin.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.