Txikipedia:Persia
Persia antzinaroko erresuma edo inperio bat izan zen, gaur egungo Irango lurretan garatu zena. Gutxi gorabehera, K.a. 550. urtean sortu zen eta 200 urte iraun zuen. Indus ibaitik (Asiako hegoaldea) hasita Europako hegoalderaino eta Afrikako iparralderaino hedatu zen.
Inperioa erori eta desagertu zenean, hainbat herrik gobernatu zuten Persia. Gaur egungo Iran izeneko herrialdeari Persia deitzen zitzaion 1935era arte, baina XVI. mendean du jatorria.
Persiar inperioa
Gutxi gorabehera, K.a. 550. urtean, Ziro II.a bihurtu zen Persiako errege. Ondoko 40 urteetan, erresuma hark hainbat lurralde konkistatu eta jarri zituen bere eskumendean.
K.a. 522. urtean, Dario I.a bihurtu zen errege. Haren erregealdian heldu zen persiar inperioa bere hedapenik eta botererik handiena izatera. Inperioa 20 probintziatan banatuta zegoen eta gobernatzaile bat zegoen haietako bakoitzean buru. Gobernatzaile haiek askatasun handi samarra zuten beren probintzia gobernatzeko. Dena den, inperioko armadak ez zien uzten gehiegizko boterea pilatzen.
Persiarrek errepideak eraiki zituzten inperioa hobeto kontrolatzeko eta merkataritza garatzeko. Errege Bidea izan zen haietako ospetsuena: ia 2.400 km zituen, Susa hiriburutik mendebalderantz.
K.a. 500. urte inguruan, inperioa ahultzen hasi zen. Hainbat gerra galdu eta matxinadak izan zituen. K.a. 300. urte inguruan, beste erresuma indartsu bat sortu zen Persiaren mendebaldeko mugan, Grezia aldean: Mazedonia. Mazedoniak Grezia osoa menderatu zuen, eta haren errege Alexandro Handiak K.a. 330. urtean Persia menderatu zuen. Horrela amaitu zen Persiar inperioa.
Geroago, partiarrek eta sasandarrek gobernatu zuten Persia, K.a. 247. urtetik hasita K.o. 600. urte ingurura arte, arabiar musulmanek inbaditu zuten arte. Persiarrak musulman bihurtu ziren, baina euren hizkuntza erabiltzen jarraitu zuten, farsi edo persiera izenekoa. Geroago, 1500 aldean, safavi dinastia izeneko familia batek hartu zuen Persiaren buruzagitza eta Iran izena eman zioten beren herrialdeari.
Irudiak
Susako jauregiko arkularien frisoa Ziro Handia erregearen hilobia Lehoi hegoduna, Darioren jauregia, Susa Apadana patio-ko behe-erliebeak, Persepolis Herrialdeen Atea, Persepolis Persepolis hiriaren hondakinak Urrezko gurdia Urrezko estatua