Txikipedia:Permafrost
Permafrosta urte osoan izoztuta dagoen lurzorua da. Horregatik, permafrost lurzorua izena ere ematen zaio.
Hotz handia egiten duen lekuetan dago, hau da, Artikoan eta Antartikan, edo leku horietatik gertu.
Permafrosta ohikoa da tundran edo taigan. Groenlandia ia osoa estaltzen du permafrostak; Alaskaren lau bosten dira permafrosta; Errusiaren erdia eta Txinaren bosten bat, gutxi gorabehera.
Goi-mendi askotan dago permafrosta, Himalaian edo Alpeetan, adibidez. Haren geruza metro gutxikoa izan daitekeen arren, 1.500 metroko lodiera izatera heldu daiteke.
Permafrostaren lurzorua oso gogorra da. Hori dela eta, errepide asko egin izan dira horrelako lurzoruetan. Leku askotan, etxeak eraikitzerakoan, jendeak zulo sakonak egiten zituen lurreko permafrostean, zutoinak jartzeko; horrela, izoztutako lurzoruan sartutako zutoinen gainean eraikitzen zituzten etxeak. Teleferiko eta mendiko jatetxe asko ere badaude izoztutako lurzoruen gainean.
Batzuetan animalia eta landare izoztuak agertzen dira permafrostaren barruan, baita duela mende asko hil ziren animaliak ere, Izotz Aroko azken garaiko mamutak. Zientzialarientzat hori oso interesgarria da, hildako izaki horien DNA eskuratu eta horrela jakin dezaketelako zehatz-mehatz historiaurreko animalia horiak nolakoak ziren; fosilekin ezin da egin.
Zer ari da gertatzen klima-aldaketarekin?
Lurreko toki batzuetan permafrosta urtzen ari da. Lehenago inguru epel-hotzak zirenak, orain epel-beroak dira. Ondorioz, landare eta animalia batzuk desagertzen ari dira, eta aldi berean, beste batzuk agertzen.
Berotze globalaren eraginez, eremu horietan eraikitako errepide asko ez daude izoztutako lurraren gainean, lokatz gainean baizik. Horregatik, errepideak pitzatu egiten dira eta zati osoak hondoratzeko arriskuan daude. Etxe askotan pitzadurak agertzen dira; are gehiago, etxe batzuk erori egiten dira, azpiko lurzorua ez delako sendoa.
Norvegian, mendi-hegalak fiordoetara irristatzeko zorian daude. Horrek 40 metro baino gehiagoko tsunamiak eragin litzake. Alpeetan, mendi-hegal bat urtegi batera irristatuko balitz, urak presako hormaren bat apurtu eta haranean, beherago, uholdeak eragingo lituzke. Luiziek etxeak edota herriak azpian harrapa ditzakete.
Alpeetako jatetxe eta eski-estazio asko arriskuan daude, permafrost gainean daudelako. Eraikin horien arduradunak gunea estaltzen hasi dira udaberrian, estalkiak erabiliz, eguzkiaren berotasunetik babesteko eta, horrela, azpiko elurra ez urtzeko. Metodoa eraginkorra da, baina oso garestia ere bai; gainera, eremu txikietan bakarrik erabili daiteke.
Permafostrean karbono-dioxido asko geratu da pilatuta, atmosferan dagoenaren bikoitza. Permafrosta urtzen den bakoitzean, karbono-dioxido hori askatu egiten da, eta horrek klima-aldaketa areagotzen du. Gainera, beste gas batzuk daude bertan: metanoa edo oxido nitrosoa, adibidez. Permafrostaren urtzea eragiten dute. Ondorioz, gure planetaren klima-aldaketa eta berotzea azkartzen ari dira.