Txikipedia:Parisko Notre-Dame katedrala

Notre-Dame Parisko katedral katolikoa da. Elizaren izenak “Parisko Gure Dama” edo "Parisko Amabirjina" esan nahi du frantsesez. Erdi Aroko katedral gotiko famatuena da, bere tamaina, antzinatasuna eta interes arkitektonikoagatik.

Parisko Notre-Dame katedrala.

Parisko katedral hau Île de la Cité delakoan dago kokatuta, Sena ibaiko irla txiki batean, Paris erdi-erdian. Lehenagotik bertan zeuden beste bi eliza katolikoen hondakinen gainean eraiki zen. Eliza horiek, era berean, Jupiter jainko erromatarrari eskainitako tenplu baten gainean eraiki ziren. Katedrala Parisko Maurice de Sully apezpikuak eraiki zuen. 1160a aldera, ideia bat bururatu zitzaion: aurreko bi basiliken hondamendiak eraikin bakar batean batzea. Lehenengo harria Alexandro III.a aita santuak jarri zuen 1163an, eta aldare nagusia 1189an kontsakratu zen. Korua, mendebaldeko fatxada eta nabea 1250ean eraikitzen amaitu ziren. Arkupeak, kaperak eta bestelako apainketak gehitu ziren hurrengo 100 urteetan zehar.

Notre-Dame katedralaren barnealdea 130 bider 48 metrorekin eraiki zen, 35 metroko altuerako sabaiarekin. Bi dorre gotiko erraldoi goiztiarrek (1210 – 50) koroatzen dute mendebaldeko fatxada, hiru pisutan banatuta dagoena. Bi dorreek 68 metroko altuera dute; puntan izan behar zituzten orratzak ez ziren inoiz eraiki, ordea. Orratz zentral bat gehitu zen XIX. mendeko zaharberritzean. Ateak estilo gotiko goiztiarreko grabatu ederrekin apainduta daude, eta haien gainean Testamentu Zaharreko erregeen figurak daude lerrokatuta. Katedralaren hiru Arrosa-leiho handien beirateak oso ezagunak dira halaber.

Notre-Dame katedralak kalteak eta hainbat kalte jasan ditu mendeetan zehar. Frantziako Iraultzaren ondoren, Napoleonek suntsitua izatetik salbatu zuen, zeinak bere burua frantsesen enperadorea koroatu baitzuen katedralean, 1804ean. E.-E. Viollet-le-Duc arkitekto frantsesak, XIX. mendearen erdialderantz, Notre-Dame katedralari hainbat zaharberritze-lan egin zizkion. Katedrala Victor Hugoren Notre-Dame de Paris (1831) eleberri historikoaren eszenatokia da.

2019ko apirilaren 15ean sute bat egon zen Notre-Damen, eta katedralaren zati handi bat suntsituta geratu zen. Besteak beste, orratza erori zen. Sua azkar hedatu zen, Notre-Dameko sabaia ia guztia zurez eginda baitzegoen. Notre-Damen zeuden artelanen %70 suntsitu ziren. Sutea gertatu eta egun batzuetara, mila milioi euro lortu ziren katedrala konpontzeko.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.