Txikipedia:Paralelo (geografia)
Paraleloak Lurra horizontalki inguratzen duten irudizko lerro zirkular batzuk dira. Koordenatu geografikoetan erabiltzen dira, leku baten latitudea zehazteko; hau da, ekuatoretik zein distantziatara dagoen adierazteko. Distantzia hori gradutan neurtzen da: 0° daude ekuatorean eta 90° poloetan. Hego latitudea eta ipar latitudea bereizten dira: halako puntu bat ekuatoretik behera badago, hego hemisferioan, alegia, orduan hego latitudea izango du; eta ekuatoretik iparraldera baldin badago, ipar latitudea.
Zein dira paralelo garrantzitsuenak?
Bost dira paralelo nagusiak:
- Zirkulu polar artikoa (66.5° Ipar latitudea).
- Kantzer tropikoa (23.5° Ipar latitudea).
- Ekuatorea (0° Ipar latitudea).
- Kaprikornio tropikoa (23.5° Hego latitudea).
- Zirkulu polar antartikoa (66.5° Hego latitudea).
Paralelo handiena Ekuatorea da, eta Lurra bi hemisferiotan banatzen du. Poloetatik zenbat eta hurbilago egon, orduan eta txikiagoak dira Lurraren esferan osatzen duten zirkuluak.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.