Txikipedia:Paper

Papera material mehe bat da, idazteko, inprimatzeko, gauzak biltzeko eta beste helburu batzuetarako erabiltzen duguna. Zuntz naturalez edo landare-materialez egindako hari luze eta finekin egiten da. Gaur egun, “zur-orea” deitutako egurrezko zuntzekin egiten da paper gehiena.

Papera nola egiten den laburbiltzen duen eskema.

Nola egiten da?

Duela ehunka urte, papera eskuz egiten zen. Gaur egun, ordea, makinen bidez egiten da paper gehiena. Hala ere, papera egiteko prozesuak lehengo bera izaten jarraitzen du: lehenik, zurezko zuntzak uretan bustitzen dira eta ondorioz, zopa moduko nahasketa edo ore bat sortzen da. Gero, nahasketa hori pantaila batean zabaltzen da. Zuntzak pantailari itsasten zaizkio eta batu egiten dira, ur soberakina pantailan behera erortzen den bitartean. Ondoren, arrabol batzuen bidez, presioa egiten da ur gehiago kentzeko, edo bestela, zuntzak beroaren bidez ere lehortu daitezke. Behin zuntzak lehortuta daudenean, paper-orri bihurtzen dira.

Batzuetan, berriz zapaltzen da papera, plantxatu eta lisatzeko. Makinek papera gai kimikoz ere busti dezakete, kasu askotarako lagungarriak direlako, hala nola inprimatzeko.

Motak eta erabilerak

Paper mota asko daude. Idazteko eta inprimatzeko erabili ohi duguna mehea eta leuna da. Beste batzuk, ordea, artean eta lanbide batzuetan erabiltzen direnak bereziki, lodiagoak izaten dira, eta noizbehinka, testura jakin batzuk ere izaten dituzte.

Kartoia kaxak eta beste enbalaje batzuk egiteko erabiltzen den paper bat da, latza eta lodia. Egunkarietan erabiltzen den papera, hau da, prentsa-papera izenekoa, mehea eta merkea da. Paper birziklatua, aldiz, erabilitako paperarekin edo paper-soberakinekin egiten da.

Beste erabilera baliotsu asko ere baditu paperak: liburuak, txartelak, opari-papera, dirua, arrautza-kartoiak eta beste ehunka artikulu egiteko ere erabiltzen da.

Historia pixka bat

Lehenengo aldiz, txinatarrek egin zuten papera, duela ia 2.000 urte. Lehen paper hori egiteko liho izeneko landare baten zuntza eta beste material batzuk erabili zituzten. Pixkanaka, papergintzaren artea Txinatik mundu osora zabaldu zen.

XIX. mendearen hasiera arte, papera trapu eta bestelako oihal-zuntzekin egiten zen. Ondoren, zur-orea erabiltzen hasi ziren eta baita makinak ere.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.