Txikipedia:Pankrea

Pankrea gorputzaren digestio-aparatua osatzen duen organo bat da. Gorputzari elikagaiak digeritzen laguntzen dioten entzima izeneko proteinak sortzen ditu. Pankreak bi hormona mota ere sortzen ditu, gorputzaren zenbait ekintza kontrolatzen dituzten substantziak, alegia. Bizkarrezurra duten animalia guztiek (ornodunek) dute pankrea.

Pankrearen kokapena giza gorputzean.

Gizakion pankrea leuna eta horixka da. 15 zentimetrotik 20 zentimetro bitarteko luzera du; eta lodierari dagokionez, 2,5 zentimetrokoa da. Urdailaren atzean dago, gorputzaren ezkerraldean.

Zer egiten du?

Elikagaiak heste meharrean sartzen direnean, hesteak hormonak jariatzen ditu. Hormona horien eraginez pankreak entzima digestiboak sortzen ditu. Entzimak, tuboetan zehar, pankreatik hasita heste meharreraino doaz. Bertan,  gantzak, almidoiak eta proteinak digeritzen lagunduko dute.

Era berean, pankreak insulina eta glukagoia izeneko hormonak sortzen ditu. Hormona horiek odolean dagoen glukosa edo azukre kantitatea kontrolatzen dute. Glukosa gorputzeko zelulen oinarrizko energia-iturria da.

Insulina odoletik mugitzen da, gorputzeko zelula guztiek odoletik behar duten glukosa har dezaten. Glukagoiak aurkakoa egiten du, gibelak odolari glukosa gehitzen diolako. Hormona horien elkarlanak odolaren glukosa kantitatea maila osasuntsuan mantentzen du.

Zer arazo egon daitezke?

Infekzioek eta minbiziek pankrea kaltetu dezakete. Diabetes izeneko gaixotasuna gertatzen da insulina gutxiegi sortzen denean. Insulina faltak esan nahi du odolean azukre gehiegi dagoela. Diabetes mota hori duten pertsonek azukre gutxiko dieta jarraitu behar izaten dute. Horretaz gain, posible da insulina duten botika edo medikamentuak hartu behar izatea.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.