Txikipedia:Pablo Picasso
Pablo Picasso (1881 - 1973) espainiar margolari eta eskultore bat zen. Oso eragin handia izan du arte modernoan. Estilo askotako artelanak egin zituen, baina kubismo izeneko estiloan egindako artelanak dira ezagunenak.
👶 Jaiotza 1881eko urriaren 25a Málaga |
💀 Heriotza 1973ko apirilaren 8a Mas Notre-Dame-de-Vie de Mougins (en) |
🔨 Lanbidea margolari |
📷 Argazkiak ikusi |
Bizitza eta lanak
Málagan jaio zen, 1881eko urriaren 25ean. Aita arte-irakaslea zen eta harengandik ikasi zuen marrazten. Bere lehen lanen erakusketa publikoa 13 urte zituela egin zuen, eta urtebete geroago arte-eskola batean ikastera joan zen. Baina 18 urte zituenean ikasketa formal horiek bertan behera uztea erabaki zuen eta artista esperimentalen talde batean sartu zen.
Bere ibilbide artistikoaren hasieran, eragin handia izan zuen bere lagun min baten heriotzak, 1901etik aurrera; bere lehen lan askotan kolore eta tonu urdinak nagusitzen ziren, heriotzaren, pobreziaren eta desesperoaren irudiekin. Horregatik, "Picassoren aro urdina" deitzen zaio.
Geroago, 1904an, Parisera joan zen bizitzera, garai hartako hiririk garrantzitsuena baitzen margolari izan nahi zuten artistentzat. Bere bizitza gehiena Frantzian pasatu zuen. Parisen 1904tik 1907ra bitartean egindako lehen margolanek atzean uzten dituzte lehengo gai tristeak, eta irudi alaiagoak egiten ditu, tonu eta kolore arrosekin; lan hauek "Picassoren aro arrosa" osatzen dute.
1907an, Avignongo Andereñoak ('Les demoisselles d'Avignon') koadroarekin Picassok estilo berri bat garatu zuen. Margolan honetan, bost emakume biluzik ikusten dira, baina forma lauak eta angeluak erabiliz; emakumeen aurpegiek maskara afrikarrak dirudite. Picassok, margolan honekin, eta Georges Braque izeneko beste margolari batek kubismo izeneko arte estilo berria sortu zuten orduan. Estilo horrek ez ditu pertsonak edo objektuak berez diren bezala erakusten, modu errealista batean, alegia. Horren ordez, irudiak forma lau ugaritan banatzen dira, eta irudiaren hainbat alde erakusten dira aldi berean, leku desberdinetatik ikusita baleude bezala, eta ikuspegi guztiak elkartuz.
Geroago, Picassok margotzeko estilo tradizionalagoak erabili zituen, eta bere kubismo estiloa nolabait leundu egin zuen. 1937an Guernica ospetsua margotu zuen, askok bere maisulantzat jotzen dutena. Espainiako Gerra Zibilean Gernika hiriak bonbardaketa batean jasandako sufrimenduaren irudiak erakusten ditu.
Picassok denbora luzez jarraitu zuen lanean, 90 urte bete zituen arte. 1973ko apirilaren 8an hil zen Mougins izeneko herrian, Frantzian.
Irudi batzuk
- Picassoren lehen aroko margolan bat (1904).
- Picassoren margolan kubista bat, 1942koa.
- Picassoren eskultura-lan bat.