Txikipedia:Osmosi
Osmosia kontzentrazio ezberdineko bi eremuren artean gertatzen den uraren transferentzia da. Transferentzia hori bi kontzentrazioak berdintzeko egiten da.
Azalpena
- 1 eremuan 2 eremuan baino kontzentrazio handiagoa badago, 2 eremutik ura pasako da 1 eremura.
- 2 eremuan 1 eremuan baino kontzentrazio handiagoa badago, 1 eremutik ura pasako da 2 eremura.
Adibidez
Globulu gorrien barruan ingurunean baino gatz kontzentrazioa handiagoa badago, ura sartuko zaie, globulu gorria suntsituz.
Osmosia uraren edo beste disolbatzaile baten mugimendua da. Mugimendu hori mintz plasmatikoaren (mintz zelularra) bidez ematen da, solutuaren kontzentrazio baxuko alde batetik solutuaren kontzentrazio handiko alde batera. Osmosia garraio pasiboa da, eta horri ez zaio energia aplikatu behar. Mintzaren bi aldeetako solutuen kontzentrazio desberdinak presio osmotikoa eragiten du.
Osmosia gertatzen denean, ura pasatzen da presio osmotiko txikiagoa duen mintzaren aldetik presio osmotiko handiagoa duen aldera. Osmosiaren adibide garrantzitsu bat zelularen mintzean gertatzen da: kanpoko molekula likidoak (disolbatzaileak) solutuaren kontzentrazio handiagoa duen zelularen barnera mugitzen dira mintz plasmatikoaren bidez. Osmosia biokimika zelularraren funtsezko zatia da, baina aplikazio eta erabilera mekanikoak ere baditu.
Hipotonikoa, isotonikoa eta hipertonikoa
Soluzioak solutu gehiago edo gutxiago izan dezake disolbatzailearen unitate bakoitzeko. Solutu gutxiago soluzio hipotonikoak dauka, kontzentrazio bera soluzioa isotonikoak, eta solutu gehiago hipertonikoak. Soluzio hipertonikoa zelularen kanpoaldean dagoenean, eta soluzio hipotonikoa barruan, zelula deshidratatzen da (lehenengo adibidea). Bi soluzioak isotonikoak direnean, zelula orekan dago (bigarren adibidea). Soluzio hipotonikoa zelularen kanpoaldean dagoenean, eta soluzio hipertonikoa barruan, zelula puzten eta desitxuratzen da (hirugarren adibidea).
Mintz zelularra
Zelula baten mintz plasmatikoa erdi-iragazkorra da. Horrek esan nahi du molekula jakin batzuei sartzen edo irteten uzten diela: molekula txikiak igarotzen dira, baina molekula handiagoak blokeatzen ditu. Gainera, mintzak baditu makromolekulak pasatzeko zenbait ate. Hori garraio aktiboa da: energia erabiltzen du, eta selektiboa da. Izaki bizidunen zelulen kanpoaldea mintza da, eta proteinaz eta lipidoz osatuta dago. Eta mintz horri esker, adibidez, oxigenoa eta karbono dioxidoa (gasak) trukatzen dira, baita elikagaiak eta hondakinak ere.