Txikipedia:Oslo
Oslo Iparraldeko Europako hiri bat da, Norvegiako hiriburua eta bertako hiririk handiena. 2018ko datuen arabera, ia 700 mila biztanle ditu hiriak, eta hiri-inguruak, berriz, gutxi gorabehera 1,5 milioi.
Geografiari begiratuta, hiria Norvegiako hego-ekialdean dago, Ipar Itsasora ematen duen fiordo sakon baten muturrean, Danimarkaren aurrez aurre.
Hiri hau Norvegiako ekonomia eta kulturaren erdigunea da; gainera, herrialdeko erakunderik garrantzitsuenak bertan daude. Haien artean, Norvegiako gobernuaren eta legebiltzarraren egoitza, hainbat museo eta antzoki.
Bakearen Nobel Saria Oslon ematen da urtero hiriko udaletxean, Suediatik kanpo ematen den bakarra.
Historia apur bat
Hiria 1000. urte inguruan sortu omen zuen Harald III.a izeneko errege batek; arkeologoek urte horren ingurukoak diren hilobi kristauak aurkitu dituzte hirian. Bi arrazoi horiengatik, hiriak 2000. urtean ospatu zuen bere milagarren urteurrena.
Osloko eraikinik ospetsuenetako bat, Akershus gaztelua, 1290. urte inguruan eraiki zen. Hiria sute batean suntsituta geratu zen 1624. urtean, Norvegia guztia Danimarkako erresumakoa zenean; geroago, hiria berreraiki zutenean, gaztelutik hurbilago kokatu zuten eta Christiania izena ipini zioten, garai hartako Kristian IV.a errege daniarraren omenez. Oslo izena 1925ean itzuli zioten.
Klima
Oslok Klima kontinental hezea dauka, uda freskoekin (20 gradu inguru, gehienez) eta negu hotz eta luzeekin (batez besteko tenperatura -7 gradu inguru izan ohi da). Urritik maiatzera bitarte, elurrak estali ohi du, eta ohikoa izaten da kostaldeko fiordoak erabat izoztea.
Leku ikusgarriak
Hiri ederra da Oslo, mendixka eta fiordoz inguratua. Zortzi ibaik zeharkatzen dute hiria. Nabarmentzeko modukoa da ahalegin handia egiten dutela natura zaindu eta biodibertsitatea babesteko; ekologia gehien zaintzen duten hirietako bat da munduan.
Oso interesgarria da itsasontzi bikingoen museoa, aspalditik ondo kontserbatutako ontzi bikingo zahar batzuk dituelako.
Irudiak
- Osloko katedrala
- Osloko udaletxea
- Itsasontzi bikingoen museoa
- Osloko opera-eraikina
- Akershus gaztelua