Txikipedia:Organulu zelular
Organulu zelularrak zelula eukariotoen zitoplasman dauden osagairik garrantzitsuenak dira. Batzuk mintzez inguraturik daude; beste batzuk aldiz, ez.
- Mitokondrioa: organulu obalatua da eta mintz bikoitzez osatuta dago. Kanpoaldeko mintza leuna da eta barrualdekoa barnerantz tolestuta dago, hala, gandor mitokondrialak osatzen dira. Mitrokondrioan arnasketa zelularra egiten da, eta haren bidez, zelularen energia gehiena lortzen da.
- Besikulak: mintz-zaku txikiak dira, eta zeluletako substantzia desberdinak pilatzen, garraiatzen eta digeritzen dituzte. Lisosomak ere mintzez osatutako besikula biribilduak dira. Golgiren aparatuan sortzen dira eta entzima hidrolitikoak dituzte, zeintzuek substantzien zelula barneko digestioan hartzen duten parte.
- Erretikulu endoplasmatikoa (E.E): mintzezko zakuen eta kanalen multzoa da, eta horiek elkarren artean konektaturik daude. Bi motakoak izan daitezke:
- E.E izurtsua edo pikorduna: mintz-nuklearrari lotuta dago eta erribosomak ditu. Proteinen sintesian eta horiek Golgiren aparatura garraiatzean esku hartzen du.
- E.E leuna: ez du erribosomarik eta bertan lipidoen sintesia egiten da.
- Golgiren aparatua: elkarri konektaturiko mintzezko zaku zapal eta gainjarrien multzoa da. Zaku horietan erretikuluak bidalitako substantziak pilatzen eta prozesatzen dira. Golgiren aparatutik jariatze-besikulak isurtzen dira, eta jariatze-besikuletako zenbait produktu kanpoaldera jariatzen dira.
- Erribosomak: mintz-izaerarik ez duten partikulak dira, eta RNAz (azido erribonukleikoz) eta proteinez osatuta daude. Bi modutan egon daitezke: zitoplasman bakarka, edo erretikulu endoplasmatiko izurtsu edo pikordunari lotuta. Proteinen sintesia egiteaz arduratzen dira.
- Zentrosoma: zentriolo izeneko bi zilindrok osatzen dute. Horiek proteinazko mikrotubuluz osaturik daude. Elkarzut daude eta «asterra» osatzen duten mikrotubuluek inguratzen dute. Zitoeskeletoa antolatzen, zelulak mugitzen eta zelula banatzerako orduan ardatz akromatikoa edo mitotikoa osatzen esku hartzen du.
- Zilioak eta flageloak: luzapen zitoplasmikoak dira, eta zelulen mugimenduan esku hartzen dute. Biek antzeko barne-egitura duten arren, zilioak laburrak eta anitzak dira, eta flageloak, aldiz, luzeak. Zelula batek horietako bat edo bi izan ditzake.
- Zitoeskeletoa: mota ezberdinetako proteinazko harizpien multzoz osaturik dago. Bere funtzioa da zelularen forma mantentzea eta zelularen, organuluen eta barne-besikulen mugimendua erraztea. Horrez gainera, zelula-zatiketan kromosomak antolatzen ere esku hartzen du.
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.