Txikipedia:Odol-hodi

Odol-hodiak gorputzaren barruan odola ibiltzen den hodiak dira. Hodi horietatik zirkulatzen da odola. Gorputz osoan daude eta zelula guztietara iristen dira. Oxigenoa hartzen dute biriketan eta elikagaiak jasotzen dituzte hesteetan (eta gorputzeko toki guztietara eramaten dituzte). Gizakiok hiru odol-hodi mota nagusi ditugu:

Odol-hodiak: arteriak, zainak eta kapilarrak

a) Arteriak

Arteriek bihotzetik ateratzen diren odol-hodiak dira eta bihotzetik ateratako odola garraiatzen dute. Pareta elastiko eta malguak dituzte, bai eta gihar-geruza sendo bat ere, bihotzetik irtetean odolak duen tentsioa erregulatu ahal izateko.

Sistole bentrikularrean, odola bihotzetik irten eta arteriak betetzen ditu; eta balbula sigmoideak direlakoak itxi egiten dira, odola atzera itzul ez dadin.

Arteriak hiru geruzaz osatuta daude, eta gihar-geruza nahiko lodia da, uzkurtzen denean odolari bultza egiten diolako. Bihotzetik urrundu ahala, arteriak adarkatu egiten dira; hau da, odol-hodi finagoak osatzen dituzte, arteriola deitutakoak, arteriak bezain elastikoak ez direnak.

b) Zainak

Zainek bihotzera doan odola garraiatzen dute. Arteriek baino paret fin edo meheagoa dute, gihar-geruza txikiagoa dutelako; zainetatik dabilen odolak presio txikiagoa duelako da hori. Aldiz, zainen paretak zabalgarriak dira, odol gehiago garraiatu ahal izateko.

Barruan, zainek halako balbula batzuk dituzte, odolari atzera joatea eragozteko eta bihotzerainoko mugimendua errazteko.

c) Kapilarrak

Kapilarrak arteriak eta zainak elkarri lotzen dituzten hodi finak dira. Ileak bezain finak direlako deitzen dira, hain zuzen, kapilar. Arteriolen adarkaduretatik sortzen dira eta gorputzeko zelula guztietara garraiatzen dute odola.

Kapilarrak gorputzeko zelula guztietara iristen dira; horregatik, gizakiok hainbat milioi odol-hodi ditugu. Denak elkarri lotu eta segidan jarriz gero, 100.000 kilometro osatuko lituzkete.

Oso pareta fina dute, zelula lauez eratutako geruza bakar batekin (endotelioa), odolak garraiatzen dituen substantziak zeluletara iristeko eta zelulek sortutako hondakinak odolera bideratzeko. Kapilarretan trukatzen dira odolak garraiatzen dituen substantziak eta gasak (oxigenoa eta karbono-dioxidoa).

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.