Txikipedia:Obobibiparo

Obobibiparoak jaio baino lehen arrautza batean garatzen diren animaliak dira, baina arrautza amaren barruan dago enbrioi edo umekia guztiz garatuta dagoen arte. Horregatik, arrautza errun edo ipini bezain laster animalia arrautzatik ateratzen da. Erditzea gauzatu baino lehen ere irten daiteke arrautzatik, amaren gorputzaren barruan; kasu horretan, erditzea bibiparoen erditzearen oso antzekoa da.

Itsas zaldiak obobibiparoak dira.

Beste modu batera esanda, obobibiparoek zenbait ezaugarri partekatzen dituzte obiparo eta bibiparoekin. Baina desberdintasunak ere badaude: obiparoek enbrioi-garapenaren hasieran uzten dituzte arrautzak kanpoko ingurunean, eta beraz, enbrioiak amaren gorputzetik kanpo garatzen dira. Eta bibiparoen kasuan, aldiz, enbrioia amaren gorputzaren barruan garatzen da, baina ez arrautza-oskola baten barruan; hori dela eta, amarengandik jasotzen dute elikadura zilbor-hestearen bidez. Obobibiparoek, berriz, ezin dute elikadura zuzenean amarengandik jaso.

   Ba al dakizu   
Obobibiparoek eta obiparoek

partekatzen dituzten ezaugarriak:
enbrioia oskola baten bidez babestuta dago.

Obobibiparoek eta bibiparoek
partekatzen dituzten ezaugarriak:

ernalketa eta enbrioi-garapena amaren gorputzaren barruan gauzatzen da.


Zein animalia dira obobibiparoak?

Hona hemen obobibiparo batzuk:

  • Marrazo zuria: marrazo horrek ez du arrautzarik jartzen; kumeak amaren gorputzaren barruan ateratzen dira arrautzatik (amaren barruan gertatzen da eklosioa, eta jaiotzen direnean jada garatuta daude.
  • Ornitorrinkoa: ugaztuntzat hartzen da, baina arrautzak jartzen ditu, beraz, obobibiparo gisa ere har daiteke.
  • Boa hertsatzailea: arrautzen eklosioa amaren gorputzaren barruan gauzatzen da, eta kumeak garatuta jaiotzen dira.
  • Itsas zaldia: obobibiparo mota berezi bat da, izan ere, arrautzak ez dira emearen gorputzaren barruan heltzen, arraren gorputzean baizik. Emeak arrautzak arraren zakura pasatzen dituenean gauzatzen da ernalketa. Zakua martsupialen zakuaren antzekoa da, hau da, kanpoaldean eta sabelaldean dago.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.