Txikipedia:Obabakoak

Obabakoak Bernardo Atxaga euskal idazlearen nobela bat da, lehen aldiz 1988an argitaratu zena, euskaraz. Lan horri esker, Atxagak Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zuen 1989an, eta, hala, sari hori jaso zuen lehen euskarazko idazlea izan zen. Hizkuntza askotara itzuli dute nobela: gaztelaniara, ingelesera, frantsesera, alemanera, italierara eta suedierara, besteak beste. Izenburuak Euskal Herriko fikziozko herrixka bateko biztanleei egiten die erreferentzia, Obaba herrikoei, alegia.

Obabakoak liburuan oinarritutako Muskerraren bidea (Asteasu)

Liburuaren egitura eta gaiak

Obabakoak lan konplexua da, ahots ugarikoa. Elkarrekin lotutako hainbat istorio kontatzen ditu, batzuk Obaban bertan jazotzen direnak eta beste batzuk munduko beste bazter batzuetan. Istorio horiek kontatu bitartean, Atxagak zenbait gai jorratzen ditu, esaterako, identitatea, memoria, tradizioa eta fikzioa. Nobela ispilu-jolas modukoa da: pertsonaiak, istorioak eta erreferentzia literarioak gurutzatu egiten dira, eta batzuk besteetan islatu ere egiten dira.

Nobelaren egitura oso berritzailea da, elkarrekin zerikusi handirik ez duten zortzi kapitulu dituelako, eta bakoitzak istorio ezberdin bat kontatzen du. Istorio horiek, ordea, elkarrekin lotuta daude, izan pertsonaiak errepikatzen direlako, izan erreferentzia literario berdinak dituztelako, edo gai berdinak jorratzen dituztelako. Hortaz, nobela idatzizko mosaiko baten gisan ulertu daiteke, pieza bakoitza bere horretan garrantzitsua bada ere, are interesgarriagoa delako besteekin lotzen denean.

Obabakoak liburuaren kontu interesgarrienetako bat zera da, nola erlazionatzen den beste liburuekin eta euskal ohiturekin. Atxagak euskal kultura herrikoiko elementu asko erabiltzen ditu istorioak eraikitzeko. Adibidez, euskal kulturako ipuin herrikoiak, kantu tradizionalak, kondairak eta mitoak daude nobelan. Atxagak, ordea, ez ditu elementu horiek bere horretan txertatzen, baizik eta esanahi berria ematen die, istorioak sormen handiz berrinterpretatuz.

Nobelan beste gai garrantzitsu bat jorratzen da: zer den fikzioa eta nolakoa den errealitatearen eta fantasiaren arteko erlazioa. Atxagak pentsatzen du istorio guztiak fikzio direla nolabait, eta, hortaz, benetako eta irudizko gauzen arteko muga ez dela argia. Horren harira, esan daiteke nobelan zalantzan jartzen dela zer den literatura, eta, era berean, agerian uzten dela zelako gaitasuna duen fikzioak mundu alternatiboak sortzeko eta, hala, errealitatea bera eraldatzeko.

Kontalaria da nobelako pertsonaia garrantzitsuenetako bat. Orriak igaro ahala, bere bizitzari buruzko xehetasunak argitzen ditu kontalariak, eta baita ere zer harreman duen Obaba herrixkarekin. Kontalariak argi du istorioak ari dela kontatzen, eta ideia honekin jostatzen da: egia subjektiboa dela eta aldatu egiten dela ikuspegi batetik edo bestetik begiratuta. Horregatik, idazlearen eta irakurlearen arteko jolas bihurtzen da nobela, eta, irakurri ahala, sorpresa gehiagorekin egiten dute topo, fantasiazko mundu batean.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.