Txikipedia:Nukleo (geologia)

Lurraren nukleoa gure planetako erdigunea da. Ia 3.500 kilometroko erradioa duen bola bat da. Gainazalean aurkitzen ditugun materialak baino askoz trinkoagoa dena, eta tenperatura handian dagoena. Batez ere burdinaz osatuta dago (% 90 inguru), bai eta nikel eta sufrez. Barruan duen presioa lurrazalean dagoena baino milioika aldiz handiagoa da eta haren tenperatura 6.700 °C-tik gorakoa izan daiteke. Horrelako tenperatura mantentzen du Lurraren sorrerako beroa gordetzen duelako. Posizioz aldatzen diren material trinkoen marruskaduratik eta elementu erradioaktiboen deskonposiziotik ere beroa jasotzen du.

Bi zati bereizten dira:

  • Barne nukleoa: nuklearen erdian dagoen esfera solidoa, 1.200 km-ko erradioa duena.
  • Kanpo nukleoa: barne nukleoa inguratzen duen geruza likidoa, 2.250 km inguruko erradioa duena. Barne nukleoa baino presio txikiagoa jasaten du, eta horregatik da likidoa.

Nukleoak eremu magnetiko bat sortzen du, magnetosfera deitzen duguna, eta Lurrari iparrorratz bat orientatzeko gai den iman erraldoi bat bezala portatzea eragiten diona. Eremu magnetiko hori kanpo nukleo likidoari esker da; izan ere, burdina likidoa mugitzen ari da etengabe eta mugimendu horrek korronte elektriko bat sortzen du planetaren barruan, eta horrek, era berean, espaziorantz hedatzen den eremu magnetiko bat sortzen du. Eremu magnetikoak eguzki-erradiazio kaltegarrietatik babesten gaitu.

Lurraren nukleoa den bezalakoa ez balitz, ez litzateke eremu magnetikorik egongo eta horrek arazo handiak ekarriko lizkiguke: Eguzkiaren erradiazio arriskutsuek kalte handiak eragingo lizkieke Lurreko bizidun guztiei, eta, gainera, planetaren berotzea eragingo lukete; ibaiak eta ozeanoak lehortu egingo lirateke. Berotze globalaren ondorioz, Lurra Marte bezala bihurtuko litzateke azkenik.

Nola sortu zen?

Lurra duela 4,5 milioi urte sortu zen. Bere lehen 100 milioi urteetan, bola bero likido bat besterik ez zen, baina oraindik gaztea zen Eguzki-sistemaren partikulak talka egiten hasi ziren proto-lurraren kontra eta bat egin zuten; horrek bolaren tenperaturaren igoera eragin zuen. Denborarekin, planetako osagaiak banatzen eta bereizten hasi ziren: substantziarik astunenak hondora mugitu ziren, eta arinenak eta dentsitate txikienekoak igo egin ziren. Geruza bakoitza propietate ezberdinak izaten hasi zen. Barne nukleoa duela milioi bat edo bi milioi urte hasi zen solidotzen.

Ikus, gainera



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.