Txikipedia:Nilo
Nilo ibaia Afrikako ibairik luzeena da; 6.700 km inguru ditu. Oraindik ez dago garbi munduko ibairik luzeena ere ba ote den, ala luzeena Amazonas ibaia den; neurketa desberdinak daude, eta horregatik ez dago adostasunik.
Geografia
Nilo ibaiak Nilo Zuria eta Nilo Urdina izeneko bi ibai-adar topatzen diren lekuan hasten da, Sudanen, Khartum hirian. Nilo Zuriak Victoria aintziran (Ugandan) du sorburua; Nilo Urdinak, berriz, Etiopiako Tana aintziran.
Nilo Egipto iparraldean itsasoratzen da, Mediterraneo itsasoan, denborarekin sortutako delta batean.
Bi ibai-adarrak kontuan hartuz, Ruanda, Uganda, Tanzania, Etiopia, Hego Sudan, Sudan eta Egipto zeharkatzen ditu.
Egiptorentzat bizi-iturri
Nilo ibaia oso garrantzitsua da Egiptorentzat: bizi-iturri handia izan da beti, inguruko lurrak ureztatzen eta ongarritzen dituelako, hau da, landareak eta elikagaiak eman ahal izateko behar diren baldintzak eskaintzen ditu. Ibaiak urtero udan gainezka egiten duenean, lokatza eta mineral ugari uzten ditu, lurrak emankorra izateko behar duen ongarria, alegia. Horri esker, Nilo ondoko lurra ez da basamortu hutsa.
Horretaz gain, ibilbide natural bat eskaini izan die beti egipziarrei, leku batetik bestera mugitzeko eta produktuak garraiatzeko. Antzina-antzinatik izan du oso garrantzi handia Egiptoko ekonomiarentzat eta zibilizazioarentzat; ibaiaren ondoan zeuden hiri handiak. Erlijioaren ikuspegitik ere, egipziarrentzat Nilo ibaiak jainko-maila zuen, bizi-iturria zelako, hain zuzen ere.
Gaur egun duen garrantzia
Gaur egun, Nilo ibaian hainbat presa eraiki dira (Asuango presa da handiena), haren urak nekazaritzarako eta beste behar batzuetarako hobeto erabili ahal izateko; horren eraginez, udako uholdeak bukatu egin dira eta ur-maila berdintsua izaten du urte osoan. Presa horiek eraiki ahal izateko, zenbait tenplu garrantzitsu lekuz aldatu behar izan ziren, bestela urpean geratuko zirelako; hori gertatu zen, adibidez, Abu Simbel-eko tenpluarekin.
Espaziotik ikusita, Nilo ibaia oso argi bereizten da, basamortu erdian sortzen duen ibar berdearengatik. Ikusi ezkerreko argazkia!