Txikipedia:Neptuno
Neptuno gure eguzki-sistemako planeta bat da; eguzkitik kontatzen hasita, sistemako zortzi planetetatik azkena da. Beraz, Eguzkitik urrutien dagoen planeta da.
Tamainari begiratuta, eguzki-sistemako laugarren planetarik handiena da, Urano baino pixka bat txikiagoa besterik ez. Lurrarekin konparatuz gero, Neptunoren diametroa lau aldiz handiagoa da; haren barruan, 58 Lur planeta sar litezke. Bestalde, Lurra baino 30 aldiz urrunago dago Eguzkitik. Horregatik, oso planeta hotza da; izan ere, Eguzkia oso txiki ikusten da Neptunotik: guretzat izarrek duten tamaina eduki behar du, seguru aski.
Gizakiak nahiko berandu jakin zuen Urano existitzen zela: 1846ean deskubritu zuen Johann Galle izeneko astronomo aleman batek; baina, lehenago, beste bi astronomok (Urbain Le Verrier eta John Couch Adams) matematikaren laguntzari esker kalkulatu zuten, bakoitza bere aldetik, beste planeta bat egongo zela Uranoren ondoren, hau deskubritu zenean. Geroago jakin da Galileo Galilei ere iritsi zela planeta hau ikustera, baina izar batekin nahasi zuela.
Antzinako erromatarren mitologiako jainko-izen bat ipini zitzaion, Neptuno alegia, planeta honek kolore urdin iluna duelako.
Planetaren ezaugarriak
Eguzki-sistemako azken lau planetak bezala, gasezko planeta bat da; Urano bezala, Neptuno ere metanoz eta beste gas izoztu batzuz eginda dago. Haren atmosferan, aldiz, hidrogenoa eta helioa dira nagusi.
Eguzkitik oso urrun egonda, haren inguruan egiten duen orbitak (jira bakoitzak) 165 urte irauten du; hau da, "gure" 165 urte behar ditu buelta oso bat emateko eguzkiari (Lurrak, aldiz, urte bat besterik ez; izan ere, horri deitzen diogu urtea: Lurrak Eguzkiari buelta oso bat emateko behar duen denborari). Horrek esan nahi du planeta honek orbita oso bat bakarrik egin duela gizakiak deskubritu zuenetik.
Planeta honen azalean ekaitz handiak egoten dira. 1989an, Voyager 2 izeneko espazio-zundak Lurraren tamainako ekaitz bat aurkitu zuen bertan; ekaitzak hainbat urte iraun zuela ikusi zuten astronomoek.
Ba al du eraztunik? Eta ilargirik?
Jupiterrek, Saturnok eta Uranok bezala, Neptunok ere baditu eraztunak. Lurretik ikusita, ordea, zientzialariak ez zeuden seguru horretaz; baina Voyager 2 zundak frogatu zuen lau eraztun dituela, haietako bi estuak eta beste biak zabalagoak. Hautsez osatuta daude, seguruenik meteoritoengatik.
Bestalde, lehendik ere jakina zen gutxienez bi satelite natural zituela, Triton (handiena) eta Nereida; Voyager 2ari esker, ordea, beste 6 ilargi gehiago deskubritu ziren; gaur egun, ordea, badakigu gutxienez 14 ilargi dituela. Ilargi hauetako gehienek 200 km baino gutxiagoko diametroa dute, eta, seguru aski, noizbait suntsituta geratu zen beste ilargi handiago baten hondarrak izan litezke.