Txikipedia:Neolitoa
Neolito garaia, Harri Aroko azken garaia da eta Historiaurreko garairik hurbilena. Paleolito garaiaren ondorengoa da. Ekialde Hurbilean, duela 10.000 urte inguru hasi zen, nekazaritzaren agerpenarekin; baina beste leku askotan, beranduago hasi zen.
Gizakien bizimoduan iraultza handia izan zuen, denbora gutxian aldaketa handiak gertatu baitziren: azken glaziazioaren ondorioz gertatu zirela esan daiteke; izan ere, Würmeko glaziazioak klima-aldaketa handia eragin zuen, eta horren ondorioz ehiza urrituz joan zen; gizakiek beste alternatiba bat behar zuten bizimodua ateratzeko. Orduan, naturako fenomenoak ikusiz, lurra landuz edo animali batzuk etxekotuz elikagaiak lor zitezkeela ikusi zuten. Garia, arroza eta artoa lantzen ikasi zuten; eta ardiak, ahuntzak, behiak, astoak eta zaldiak ukuilu edo esparruetan edukitzea lortu zuten.
Bizimodua ateratzeko behar zutena baino gehiago ekoizten zutenez, soberakinak erabiltzen hasi ziren trukeak egiteko beste jende edo beste herrixka batzuekin; horrela hasi zen merkataritza.
Teknikak eta erremintak hobetu ziren; harrizko tresnak, adibidez, harria taillatuz egin beharrean harriak leunduz egiten zituzten. Tresna berriak asmatu ziren: aizkora (lurra zulatzeko), goldea (ildoak irekitzeko, animalien laguntzaz, gero bertan ereiteko), igitaiak (belarrak eta landareak ebakitzeko), errotak (aleak ehotzeko eta irina egiteko), labeak (ogia egiteko), zeramika (nekazaritzaren emaitzak gordetzeko).
Nekazaritzaren eta abeltzaintzaren hasierarekin, ez zen beharrezkoa ehizaren bila ibili behar izatea leku batetik bestera, eta lantzen zuten lurra zaintzeko edo zeuzkaten abereengandik gertu egoteko, lehen bizileku finkoak sortu zituzten, lehen herrixkak; horrela, gizakien sedentarismoa garatu zen. Bizileku horiek ibai edo erreken ondoan kokatzen zituzten, ura edukitzeko, bai edateko eta baita nekazaritzarako ere. Etxeak buztina eta lastoa nahasiz eta lehortzen utziz egiten zituzten.
Etimologia
Neolito hitzaren esanahia "Harri Berria" da eta grezieratik datoz.
Monumentu megalitikoak
Neolito garaiaren bukaerak harri handiz egindako monumentu asko utzi zituen. Europako monumentu megalitikoak: zutarriak, harrespilak eta trikuharriak, batez ere.