Txikipedia:Nelson Mandela

Nelson Mandela Hegoafrikako abokatu eta politikari bat izan zen; berez Nelson Rolihlahla Mandela izena zuen eta Madiba izenez ere ezagun zen. 1918ko uztailaren 18an jaio zen eta 2013ko abenduaren 5ean hil zen Johannesburgo hirian. 1994-1999 urte bitartean, Hegoafrikako presidentea izan zen eta Apartheid delakoaren aurka borrokatu zen. Bakearen Nobel Saria ere jaso zuen horregatik. 27 urtez Robben Island-en preso egon zen eta 46664. presoa izan zen.

👶
Jaiotza
1918ko uztailaren 18a
Mvezo
💀
Heriotza
2013ko abenduaren 5a
Houghton Estate (en) Itzuli
🔨
Lanbidea
politikari
📷
Argazkiak
ikusi
Nelson Mandela.

Biografia

Nelson Mandela Mvezo-n jaio zen 1918ko uztailaren 18an. Haren familian 13 seme-alaba ziren. Familia noblea zen, haren birraitona Ngubengcukka erregea izan baitzen. Bere aitak Gadla Henry Mphakanyiswa izena zuen eta amak Nonqaphi Nosekeni Fanny. Fort Hare Unibertsitatean hasi zituen ikasketak titulu bat eskuratzeko asmoz, baina bertatik kanporatu zuten greba batean parte hartzeagatik. Kanporatua izan ostean, Johannesburgora joan zen, 1941ean batxilergoa amaitu eta Witwatersrand Unibertsitatean Zuzenbidea ikasi zuen, 1943. urtean lizentziatu zen arte. Urte bat geroago, Evelin Ntoko Mase-rekin ezkondu zen eta 1958an dibortziatu ziren, 14 urtez ezkonduta egon ostean. Geroago, Winnie Madikizela-rekin ezkonduta egon zen 1958tik 1992ra arte eta azkenik, 1998tik hil arte Graça Machel-ekin ezkonduta egon zen.

1948an, Hegoafrikako Alderdi Nazionala sortu zenean, hasi zuen Mandelak bere ibilbide politikoa. Bai alderdiak bai berak arrazismoaren aurka borrokatzea zuten helburu. Mandelak Hegoafrikatik ihes egin zuen eta Aljeriako politikari batzuk ezagutu zituen, baina 1962an poliziak atxilotu eta bi urte beranduago kartzelan sartu zuten.

1964an, Nelson Mandela Robben Island uharteko kartzelan sartu zuten eta gero eta ezagunagoa bihurtzen hasi zen mundu osoan. Bera aske uzteko saiakera eta kanpaina ugari egin ziren, baina gobernuak proposamen guztiak atzera bota zituen. Guztira, Nelson Mandelak 27 urte pasatu zituen espetxean, eta bertan ere Hegoafrikan arrazismoarekin bukatzeko eskatzen jarraitu zuen.

Kartzelan zegoela bortxazko lanak egin behar izan zituen. Presoen mailarik baxueneko kidea zenez, soilik 6 hilabetean behin bisita bat eta eskutitz bat jaso ahal zituen.

Jakina da Hegoafrikako Zerbitzu Sekretuak Nelson Mandela hiltzeko asmoa izan zuela, baina konplota ezaguna egin zen eta ez zen aurrera eraman. Kartzelan eman zituen azkenengo hamar urteetan bi espetxe desberdinetan egon zen. 1985ean Botha presidenteak baldintzapeko askatasuna eskaini zion, baina Mandelak ez zuen onartu, bere ustez, ezarritako baldintzekin ez zuelako erabateko askatasuna lortuko. Jendea ez bazen antolatzen, bera aske egotea ezinezkoa zela esan zuen. Mandela espetxez aldatu zuten 1982an eta 1988an, aske utzi zuten arte. 1989an Bothak garuneko isuri bat izan eta dimititu behar izan zuen. Hurrengo presidentea Frederik Willem de Klerk izan zen eta horrek Mandela aske utz zezaten agindu zuen.

   Ba al dakizu   

Nelson Mandelaren esaldi ezagun batzuk:

  • Inor ez da jaiotzen beste bat bere azalaren kolorea, jatorria edo erlijioarengatik gorrotatzen.
  • Mendi altu bat igo ondoren, oraindik igotzeke dauden beste mendi asko aurkitzen ditugu.
  • Ausarta ez da beldurrik ez duena, hori menderatzen duena baizik.
  • Ura irakiten hasten denean sua itzaltzeak ez du ezertarako balio.
  • Hezkuntza da mundua aldatzeko armarik indartsuena.
  • Nire patuaren jabea naiz, nire arimaren kapitaina naiz.
  • Bihar askok nire izena madarikatuko dute.
  • Nire idealik maitatuena gizarte aske eta demokratikoa da, non guztiok harmonian eta aukera berdinekin bizi gaitezkeen.

Aske geratu ostean, Klerk eta Mandela hegoafrikar guztien batasuna negoziatzen hasi ziren. 1993an biek (Mandelak eta Klerkek) Bakearen Nobel Saria jaso zuten.

Libre geratu eta lau urte geroago, Nelson Mandela Hegoafrikako presidente hautatu zuten. 1999an, bere agintaldia bukatu ostean, presidentetza utzi zuen. 2004. urtean bizitza publikoa utzi zuen, ekitaldi batzuetan agertzen jarraitu bazuen ere, adibidez, 2010ean Hegoafrikako munduko futbol-txapelketan. Bizitza publikoa alde batera utzi ostean, Mandelak osasun krisi bat izan zuen eta denbora tarte txikian behin baino gehiagotan joan behar izan zuen ospitalera. 2013an bere osasunak okerrera egin eta ekainean bere bizitza luzatzen zuten makinetatik deskonektatzeko zorian egon ziren.

Zurrumurruen arabera, Mandela egoera begetatiboan eta heriotza klinikoan egon omen zen. Hilabete batzuk geroago, presidente ohia Johannesburgoko bere etxera itzuli zen eta 2013ko abenduaren 5ean Jacob Zuma-k Nelson Mandelaren heriotzaren berri eman zuen, munduan zehar hari hainbat omenaldi egin ostean. Haurtzaroan bizi izan zen herrian (Qunu-n) lurperatu zuten.

Testuinguru historikoa

Nelson Mandela jaio zenean, Hegoafrika Hegoafrikar Batasuna deitzen zen. Garaian zegoen gobernu mota monarkia zen eta geroago monarkarik gabeko lehen ministro bat egon zen. Hegoafrikar Batasuna 1960an desegin eta Hegoafrikar Errepublika izatera pasatu zen. Bertan, arrazismoa jasanezina bihurtu zen kolore beltzeko pertsonentzat. Garai hartan, arraza beltzeko pertsonak esklabotzat hartzen zituzten lege berri batzuk onartu ziren. Adibidez, arraza zuriko pertsonak soilik joan zitezkeen hondartzara. De Klerk presidente izendatu eta gero, Apartheida bertan behera utzi zuten eta herrialdea Hegoafrikako Errepublika deitu zen.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.