Txikipedia:Nazionalsozialismo
Nazionalsozialismoa edo nazismoa Alemanian 1919. urtetik aurrera sortu zen ideologia politikoa da. Ideologia horrek bultzatu zuen Adolf Hitlerren diktadura, 1933tik 1945era arte. Garai hartako Alemania Alemania nazia izenarekin ere ezagutzen da.
Alemaniako Alderdi Nazia 1919. urtean sortu zen, Alemaniako Langile Alderdia izenarekin. Haren helburua Alemaniako langile klasea bere alde jartzea zen. Langile klasea egoera ekonomiko txarrean zegoen Lehen Mundu Gerran Alemaniak galdu zuenetik. Hala ere, alderdia eskuin muturrekoa eta antikomunista zen eta demokrazia liberalaren zein hauteskunde libreen aurka zegoen.
Zein ziren haien oinarri ideologikoak?
Ondorengo urtean, Hitler bihurtu zen alderdiko buru eta bere programa politikoa garatu zuen. Programa horren helburua lurralde alemana beste herrialdeetara zabaltzea zen, alemanez hitz egiten zen beste lurraldeetara. Alemania naziko armadak Polonia inbaditu zuenean Bigarren Mundu Gerra hasi zen. Gerraren hasieran, Alemaniak. Poloniaz gain, Frantzia, Txekoslovakia, Hungaria, Herbehereak, Danimarka eta Norvegia ere inbaditu zituen, eta aurrerago ia Europa osoa.
Ideologia naziaren beste oinarri bat arrazismoa zen. Naziek ariar izeneko arrazaren nagusitasunean sinesten zuten, haien ustez hura baitzen benetako arraza alemaniarra. Arrazakeria horren baitan antisemitismoa dago, hau da, erlijio juduaren jarraitzaileenganako etsaitasuna eta gorrotoa.
Naziek juduei leporatzen zieten kapitalismoaren eta boltxebismoaren indar galarazleen eragile izatea. Gainera, haien ustetan juduen errua izan zen Alemaniaren porrota Lehen Mundu Gerran eta herrialdeak haiengatik jasan zituela inflazioa eta gainbehera ekonomikoa. Naziek zioten juduak Alemaniako arazo askoren eragile zirela, eta, hala, naziek herri-juduari eragindako genozidioa eta ankerkeria guztiak justifikatzen zituzten. Nazioek milioika judu, ijito eta beste hainbat pertsona bidali zituzten kontzentrazio-esparruetara, eta hil egin zituzten.
Nola iritsi zen Hitler boterera?
Adolf Hitlerrek, Alemania naziko buruak, Mein Kampf (Nire borroka) liburua idatzi zuen. Liburuak zioen Alemaniako arazo guztiak juduek sortzen zituztela, herrialdea hondatu nahi zutelako. Gainera, politikari juduek eta komunistek 1918. urteko armistizioa antolatu zutela esaten zuen. Armistizio horrek Lehen Mundu Gerrari amaiera eman zion eta Alemaniak irabazleei diru asko eman behar izan zien.
1933. urtean, otsailaren 27tik 28rako gauean, norbaitek su eman zion Parlamentu alemanaren eraikinari. Naziek komunistei bota zieten errua; nazien aurkariek, aldiz, esan zuten naziek erre zutela eraikin hura boterea lortzeko. Egun hartan bertan, Estatua babesteko lege bat atera zen. Lege horrekin eskubide zibil guztiak bertan behera geratu ziren eta, gainera, naziek lege hori beste alderdi politikoen aurka egiteko erabili zuten. Alderdi Komunistako eta Alderdi Sozialdemokratako kideak kartzelan sartu zituzten eta asko hil egin zituzten.
Hitlerrek hitz eman zuen Alemaniari behin izan zuen ospea eta zoriona itzuliko zizkiola, eta aleman asko haren alde jarri ziren. Horrela, Hitler Reicheko Kantziler bihurtu zen, Alemaniako gobernuaren buru, 1933. urtean. Hurrengo urtean gainerako alderdi guztiak debekatu zituzten eta diktadurak hartu zuen demokraziaren lekua. Adolf Hitler bilakatu zen Alemaniako buru (Führer, alemanez).
Bigarren Mundu Gerra
Alemaniak Poloniari eraso zionean hasi zen Bigarren Mundu Gerra. Armada alemanek azkar okupatu zituzten Frantzia, Belgika eta Herbehereak. Aurrerago, Hitlerrek komunismoari amaiera eman nahi zion eta Sobietar Batasunari eraso zion.
Naziek Europako beste herrialdeekin aliantzak egin zituzten; Finlandia, Italia eta Hungariarekin, eta herrialde asko inbaditu zituzten. Aliantza eta inbasio horiekin, naziek Europaren zati handi bat menderatzea lortu zuen. Okupazio horri eta beren aliatuen laguntzari esker, naziek aurrera eraman zuten beren plana; hau da, Europako juduak, ijitoak, desgaituak, homosexualak, komunistak, eta beste hainbat aurkari ezabatzea. Milioika pertsona hil zituzten kontzentrazio-esparruetan. Uste da 17 milioi pertsona hil zituztela, horietatik 6 milioi judu. Bigarren Mundu Gerran zehar, gutxi gora behera 50 milioi pertsona hil zirela uste da.
Hiru urte igaro ondoren gerran, aliatuek (batez ere Erresuma Batuak, Estatu Batuek eta Sobietar Batasunak) Alemania garaitu zuten. Hitlerrek eta beste hainbat buruzagi nazik beren buruaz beste egin zuten Berlinen 1945eko apirilaren 30ean, tropa errusiarrak hirira iritsi zirenean, sobietarren eskumenean ez gelditzeko. Gainontzeko naziek amore eman behar izan zuten Armada Gorriaren aurrean.
Nurembergeko epaiketak
Gerraren ondoren, gobernu aliatuek buruzagi naziak epaitu zituzten. Epaiketa horiek Nurembergen izan ziren, Alemanian. Horregatik deitzen dira «Nurembergeko epaiketak». Aliatuek buruzagi naziei leporatu zien gerra hasi izana, gerra-krimenak zein gizateriaren aurkako krimenak egin izana eta milioika pertsona hil izana (Holokaustoan). Buruzagi nazi gehienak errudun atera ziren eta kartzelaratuak zein heriotza zigorrera kondenatuak izan ziren eta hil egin zituzten.
1945. urtetik alderdi naziak debekatuta daude, baina bada oraindik ideia horietan sinesten duen jendea. Pertsona horiei neonazi deitzen zaie. Nahiz eta jada ez dauden alderdi naziak, pertsona horiek arraza zuriaren nagusitasunean sinesten dute, juduen aurka egiten dute, eta baita homosexualen zein etorkinen aurka ere. Gainera, batzuek ez dute onartzen Holokaustoa gertatu zela, nahiz eta herrialde batzuek hori debekatu duten.