Txikipedia:Narrasti
Narrastiak animalia ornodun batzuk dira, herrestan edo arrastaka ibiltzen direnak.
Narrastiek 280 milioi urte baino gehiago daramate Lurrean. Zientzialariek uste dute hegazti eta ugaztunen arbaso direla.
Urteen joanean, narrasti mota asko iraungi edo desagertu egin dira; dinosauroak, adibidez, narrastiak ziren eta duela 65 milioi urte inguru desagertu ziren.
Gaur egun 6.000 espezie inguru narrasti daude bizirik.
Nolakoak dira?
- Ornodunak dira; horrek esan nahi du bizkarrezurra eta barne-eskeletoa dutela.
- Sugeek izan ezik, narrasti gehienek lau hanka dituzte, motzak.
- Tamaina desberdinekoak dira: suge eta musker batzuek 5 cm baino gutxiagoko luzera dute; baina bada 3 metro baino gehiagoko luzera duen musker bat, Komodoko dragoia. Krokodilo handienak, pitoiak eta anakondarik handienak 9 m baino luzeagoak izan daitezke. Laut dortokak 2 metro luze dira.
- Biriken bidez hartzen dute arnasa.
- Odol hotzekoak dira.
- Azal lehorra eta ezkataz estalita daukate.
- Gehienak arrautzen bidez ugaltzen dira; beraz, obiparoak dira.
- Gehienak haragijaleak dira.
Zein narrasti mota daude?
Narrastiak lau multzotan bana ditzakegu:
- Krokodilidoak (krokodiloak, kaimanak...): 23 espezie
- Sphenodontia (Zeelanda Berriko tuatarak): 2 espezie
- Eskuamatu edo ezkatatsuak (muskerrak, sugeak...): 7.900 espezie inguru
- Testudinatuak (dortokak): 300 espezie inguru
Non bizi dira?
Narrastiak mundu osoan aurki daitezke, oso lurralde hotzetan izan ezik. Kopuru eta barietate handiena tropiko bero eta hezeetan dago.
Sugeak eta muskerrak leku desberdin askotan bizi dira: lehorrean, zuhaitzetan, lur azpiko tuneletan edo uretan bizi daitezke. Dortokak itsasoan eta lehorrean bizi dira; itsas dortokek itsasoan igarotzen dute bizitzaren zatirik handiena, baina hondartzetan erruten dituzte arrautzak eta, beraz, lehorrean jaiotzen dira. Kaimanek eta krokodiloek uretan pasatzen dute denbora gehiena, baina ibilaldi laburrak ere egiten dituzte lurretik.
Nola mugitzen dira?
Narrastiek hainbat metodo erabiltzen dituzte leku batetik bestera mugitzeko. Musker gehienak lau hanken gainean ibiltzen dira; batzuek korrika egiten dutenean bakarrik erabiltzen dituzte atzeko gorputz-adarrak. Suge eta musker hankagabeek, mugitzeko, sabeleko ezkatak gainazal zimurtsuen kontra bultzatu eta gorputzetik aurrera tira egiten dute.
Itsas dortokek hegalak eta hanka palmatuak dituzte igeri egin ahal izateko. Itsas sugeek beren buztan zapalak arraunak bezala erabiltzen dituzte uretan. Kaimanek eta krokodiloek igerian egiten dute, isatsa alde batetik bestera astinduz.
Ez dago hegan egiten duen narrastirik. Hala ere, suge eta musker tropikal batzuk, zuhaitz garaietatik irristatu daitezke, euren gorputzak zapal-zapal jarriz.
Nolako portaera dute?
Narrastiak odol hotzeko animaliak dira. Horrek esan nahi du beren gorputzeko tenperatura aldatu egiten dela inguruko tenperatura aldatzen denean. Narrastiak berotu edo hoztu egiten dira leku beroagoetara edo hotzagoetara mugituz. Narrasti gehienak ez daude aktibo neguan; hori hibernazioa deitzen da. Batzuk uda partean ez daude aktibo; horri estibazioa esaten zaio.
Narrasti gehienek haragia jaten dute; animalia mota asko jaten dituzte, intsektuak, hegaztiak, igelak, saguak eta arrainak barne. Narrasti batzuk euren harrapakinen atzetik doaz harrapatzeko; beste batzuk ezkutatu egiten dira, eta harrapakina noiz hurbilduko zain egoten dira. Suge batzuek pozoia erabiltzen dute harrapakina hiltzeko. Musker eta dortoka batzuek landareak baino ez dituzte jaten.
Narrastiak hainbat modutara saiatzen dira euren etsaiengandik babesten. Kriskitin-sugeek isatsa astintzen dute mehatxatuta sentitzen direnean. Kobrak batek bere lepoa zabaltzen du handiago itxura emateko. Dortoka batzuk beren oskoletan ezkutatzen dira. Krokodiloak, dortokak eta musker eta suge batzuek indarrez txistukatzen dute. Narrasti gehienek hozka egiten dute mehatxatuta sentitzen direnean.
Narrastien zentzumenak
Kaimanek, krokodiloek eta musker gehienek nahiko ondo entzuten dute. Sugeek eta dortokek, aldiz, entzumen arazoak dituzte, baina dardarak edo bibrazioak oso ondo senti ditzakete lurrean. Narrasti batzuek ikusmen txarra dute, bereziki lur azpian tunelak egiten dituzten suge eta muskerrek.
Narrastiek ahoan edo sudurrean organo bereziak erabiliz usaintzen dute. Suge batzuek ere beroarekiko organo sentikorrak dituzte; organo horiei esker, harrapakina erabateko iluntasunean ere senti ditzakete harrapakinak. Ugaztunen eta hegaztien gorputzek beroa igortzen dutelako gertatzen da hori.