Txikipedia:Nano zuri

Nano zuriak hildako izar txiki batetik geratutako hondar trinkoak dira. Euren eboluzio luzearen amaierara iristen direnean, izarrik txikienak, Eguzkiak duenaren antzeko masa dutenak (Eguzkiaren masa zortzi aldiz baino gutxiago, zehazki), nano zuri bihurtzen dira normalean.

Sirius A izar handia eta, ezkerrean gezi batez markatuta, Sirius B izar nano zuria

Izar zahar hauek izugarri trinkoak dira. Haien materiaz betetako koilaratxo batek 5,5 tonako elefante batek adina pisatuko luke Lurrean.

Nola sortzen dira?

Eguzkia bezalako izarrek hidrogenoa helioarekin fusionatzen dute nukleoetan. Nano zuriak erregai nuklear bezala erabiltzen zuten hidrogeno guztia agortu duten izarrak dira.

Izar baten nukleoan gertatzen den fusioak berotasuna eragiten du, bai eta presioa ere kanpoalderantz, baina presio hori izarraren masak sortutako grabitate-indarraren bidez orekatzen da. Erregai bezala erabiltzen den hidrogenoa agortzen denean eta fusioa moteltzen denean, grabitatearen ondorioz, izarra kolapsatu egiten da.

Izarra trinkotu ahala, are gehiago berotzen da, geratzen den hidrogenoa errez eta bere kanpoko geruzak kanporantz hedatuz. Fase honetan, izarra erraldoi gorri bat bihurtzen da.

Erraldoi gorrien tamaina handia denez, haien beroa hedatu egiten da eta azaleko tenperaturak, nagusiki, hotzak dira, haien nukleoak beroa izaten jarraitzen duen arren. Erraldoi gorriek iraupen laburra dute, beharbada mila milioi urte (izar berak, konparazio baterako, hamar milioi urte igaro ditu seguru aski hidrogenoa erretzen).

Erraldoi gorriak beren nukleoko helioa karbonoa bezalako elementu astun bihurtzeko bezain beroak dira. Baina izar gehienak ez dira elementu astunak erretzeko behar den presioa eta beroa sortzeko bezain masiboak, eta, beraz, fusioa eta beroaren ekoizpena gelditu egiten dira.

Izar hauek, azkenean, beren kanpo geruzetako materiala kanporatu egiten dute, nebulosa planetario bezala ezagutzen den gas estalki hedakor bat sortzen duena. Nebulosa horren barnean, nukleoak berotzen eta uzkurtzen jarraitzen du, nano zuri bat bihurtuz, 100.000 °C baino gehiagoko tenperaturekin.

Zer gertatzen zaie gero?

Azkenik, dozenaka edo ehunka mila milioi urteren ondoren, nano zuri bat hoztu egiten da, energiarik igortzen ez duen nano beltz bat bihurtu arte. Unibertsoko izarrik zaharrenek 10.000 milioi eta 20.000 milioi urte artean dituztenez, oraindik ez daa nano beltzik ezagutzen.

Nano zuriek hozteko behar duten denbora lagungarria izan daiteke astronomoentzat unibertsoaren adinari buruz gehiago ikasteko.

Baina nano zuri guztiak ez dira milaka urtez hozten egongo. Izar bitarren sistema batean daudenek, adibidez, alboko izar baten materiala biltzeko bezain indartsua den grabitate-bulkada bat izan dezakete. Era hartara, nano zuri batek masa nahikoa biltzen duenean, Chandrasekharren muga izeneko maila batera iristen da. Puntu horretan, bere nukleoaren presioa hain handia izango da, non kontroletik kanpo dagoen fusio bat gertatu, eta izarrak supernoba termonuklear batean eztanda egingo baitu.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.