Txikipedia:NASA

NASA (National Aeronautics and Space Administration ingelesez; Aeronautika eta Espazioaren Agentzia Nazionala, euskaraz) Ameriketako Estatu Batuetako programa espazialen ardura duen erakundea da. 1958. urtean sortu zen, Eisenhower presidentearen garaian, SESBek (Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, Eurasiako herrialde sozialista bat izan zen, 1922an sortu eta 1991n desegin zena) urtebete lehenago munduan egindako lehen satelite artifiziala (Sputnik 1) jaurti ondoren.

NASAren ikurra.

NASAren egoitza nagusia Washington hirian dago (AEB), baina erakundeak hainbat ikerketa-zentro ditu. Herrialde osoan zehar daude. Espazio-ontzi gehienak Floridako Cañaveral Lurmuturrean dagoen Kennedy Espazio Zentrotik abiatzen dira. Kontrol zentroa Houston hirian dago, Texasen, Lyndon B. Johnson Espazio Zentroan.

Historia apur bat

1903an, Orvill eta Wilbur Wrightek (Wright anaiak estatubatuar hegazkin-egile eta pilotuak izan ziren eta hegazkinaren asmatzailetzat hartzen dira) lehen hegaldia egin zuten aireplano motordun batean. Handik aurrera, aeronautikak (hegazkin-zientziak) azkar egin zuen aurrera. Aurrerapena sustatzeko, AEBetako Kongresuak Aeronautikaren Batzorde Nazionala (NACA, ingelesezko siglekin) sortu zuen 1915ean. NACAk azterketa-hegaldiak egiten eta hegazkin-mota berriak garatzen zituen.

1957an Sobietar Batasunak lehen satelite artifiziala jaurti zuen Lurraren inguruan orbitatzeko: Sputnik 1 izena eman zioten. Garai hartan, Estatu Batuak eta Sobietar Batasuna aurkariak ziren. Gerra Hotza deritzon aldian gertatu zen: Bigarren Mundu Gerraren ondoren Estatu Batuak eta Sobietar Batasunak bizitako tentsio garaiari deritzo (1945-1991). Tentsio edota aurkakotasun egoera horretan, Estatu Batuek NASA sortu zuten, Sobietar Batasunak sortutako Sputnik satelite artifizialari erantzun eta aurre egin nahian. Erakunde berriak NACAren programekin jarraitu zuen, baina espaziora joango ziren hegaldiei garrantzia gehiago emanez.

Misioak

1961ean John F. Kennedy presidenteak Estatu Batuek Ilargira gizon bat bidaltzea proposatu zuen, bederatzi urteko epean lortu nahi zuen hori. Helburu hori betetzeko, NASAk hainbat programa garatu zituen. Mercury programari esker posible izan ziren espaziora heldu ziren lehenengo hegaldiak. Mercury espazio-ontzi bakoitzean tripulatzaile bat zegoen. Gemini espazio-ontzi bakoitzak bi zeramatzan. Hegaldi horietan parte hartu zuten astronautek espazio-ontzien mugikortasuna, espazioan zehar, praktikatu zuten. Apollo programa izan zen lehenengo aldiz gizakia Ilargira eraman zuena. 1969ko uztailean Neil Armstrong-ek ilargia zapaldu zuen, Apollo 11 misioaren baitan.

Espazio-zundak zientzia-ekipamendua bidaiaririk gabe garraiatzeko erabiltzen diren espazio-ontziak dira; ez, ordea, bidaiariak eramateko. NASAk zunda ugari bidali ditu, eguzki-sistemako gorputzen eta planeten ikerketarako. Esate baterako, Voyager zunden (Voyager programaren barne, Voyager 1 eta Voyager 2 espazio-zundak daude, 1977ko irailaren 5ean eta 1977ko abuztuaren 2an jaurtiak, hurrenez hurren) bidaiak eguzki-sisteman dauden kanpoko planeta erraldoietara heldu dira, baita haratago ere.

NASAk berrerabilia izan zitekeen lehenengo espazio-ontzia izango zen transbordadore espaziala garatu zuen. Transbordadoreek espazioan 2 aste inguru iraun zezaketen. Bertan, astronautek esperimentu zientifikoak egiten zituzten, baita sateliteak jaurti  edo apurtutako sateliteak konpondu ere. Lehenego transbordadorea, Columbia, 1981ean aireratu zen. Transbordadore-programa 2011n bukatu zuen NASAk.

Nazioarteko Espazio Estazioa edo ISS (International Space Station, ingelesez) diseinatzen, sortzen eta zuzentzen ere lagundu zuen NASAk. ISSa espazioan dagoen laborategi bat da. Astronautak denbora luzez bizi daitezke estazio espazialean. Esperimentuak eta espazioko gorputzen ikerketa egiten dute.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.