Txikipedia:Musika folkloriko
Musika folklorikoa herriko jendeak jotzen edo abesten duen musika tradizionala da; kasu askotan, ez dute musikari edo abeslari profesionalek jotzen edo abesten. Musika mota hori tradizionala dela esaten dugunean, esan nahi dugu jendeak beste batzuei entzutean ikasten duela; beste modu batera esanda, belaunaldi batetik bestera pertsonek transmititzen duten tradizio edo ohitura bat da.
Herrialde eta herri guztiek dute beren musika tradizionala. Herri-kantak musika folklorikoaren parte dira. Abeslari folkloriko bat kanta folklorikoak abesten dituen pertsona da.
Musika folklorikoa edozeinek jo, entzun edo abesteko egindako musika da. Horregatik ez da musika klasikoa bezalakoa; izan ere, musika klasikoa musikari profesionalek jotzeko egina dago. Musika folklorikoa, berriz, herri-kulturaren parte da; dena dela, gaur egun, “musika popularra” edo “pop musika” izenak ere erabiltzen dira, baina telebistan, irratian edo beste grabazio modu batzuei esker entzun daitekeen musikari deitzeko.
“Musika folkloriko” terminoa ahozko tradizioaren barruko musika europar edo amerikarra izendatzeko erabili ohi da. Hala ere, musika folklorikoa mundu osoan dago, eta leku askotan dagoen ia musika gehiena folklorikoa da.
Musika folkloriko tradizionalak lehen baino askoz garrantzi txikiagoa du orain, neurri batean teknologia berriengatik (irratia, telebista, etab., eta musika-grabazioak). Melodia folklorikoak maiz idazten dira eta beste musika estilo batzuetan izan dute eragina. Hori dela eta, zailagoa da ezberdintasunak ikustea musika-mota desberdinen artean.
Nola sortu zen herri-musika?
Antzinatean, musika folklorikoa gizatalde bakoitzaren “tradizio kultural komun” deitutakoaren parte zen. Horrek esan nahi du gizatalde edo komunitate txikiek, herriek edo familiek adibidez, elkarrekin jo eta kantatzen zutela musika hori jai eta ospakizunetan, edota taldean lan egiteko edo ongi pasatzeko. Adibidez, europarrek Ameriketara egindako lehen immigrazio-bidaietan, jendeak abestu egiten zuen bidaian; cowboyek ere abesten zuten lan egiten zuten bitartean, bai eta esklaboek ere kotoi soroetan.
Jendeak sarritan abesti edo pieza musikal berri bat asmatzen zuen, edo ezaguna zen musikan aldaketak egiten zituen. Modu horretan, musika aldatzen zihoan beti. Jendeak hurbileko taldeetatik ateratzen zituen ideia musikalak. Hori dela eta, hurbileko herrialdeetan musika folklorikoa nahiko antzekoa izan ohi da. Istorioak belaunaldi batetik bestera horrela transmititzen ziren.
Baladak musika folkloriko mota bat ziren. Istorio bat kontatzen zuten abesti herrikoiak ziren (“narratiboak” ziren). Batzuetan, estrofa bakoitzaren ondoren errepika bat zuten, mundu guztiak parte hartu ahal izateko. Baladek maitasun istorioak, mitoak edo istorio narratiboak kontatzen zituzten. Musika folklorikoaren barnean sehaska-kantak eta haurrentzako abesti errazak ere badaude.
Musika folkloriko instrumentala, bestetik, dantzatzeko erabiltzen zen. Instrumentuetako batzuk oso sinpleak izan zitezkeen; adibidez, makila pare bat, txintxirrinak edo danbor sinple bat. Beste instrumentu batzuk biolina, gaita, harpa, zitara edo haize-instrumentu batzuk izan zitezkeen; garai-historikoaren eta herrialdearen araberakoa zen hori.