Txikipedia:Munduko Merkataritza Erakundea

Munduko Merkataritza Erakundea (MME) herrialde askok osatutako elkarte bat da, herrialde batetik bestera merkantzien salerosketa errazteko osatua, eta horri buruzko liskarrak konpontzeko helburua duena.

MMEko kideak, berdez. Urdinez, kide ez diren estatuak.

Elkarte honen ideia Bigarren Mundu Gerraren aurretik existitzen zen jada. Gerra amaitu eta gutxira, herrialde askok merkataritzari eta muga-zergei buruzko akordio orokor bat lortu zuten. GATT laburdura erabili zen akordio hori izendatzeko, ingelesezko izenetik aterata: General Agreement on Tarifs and Trade (Muga-Zergei eta Merkataritzari Buruzko Akordio Orokorra)

Baina herrialdeek laster ikusi zuten GATTen akordioa ez zela nahikoa, eta beharrezkoak zirela merkataritzarako garrantzitsuak izan zitezkeen zerbitzu eta beste gauza batzuei buruzko akordioak ere.

Azkenean, MME sortu zen, 1995ean. Geroztik, estatu batek ezin ditu aukeratu ontzat jotzen dituen itunak. MMEra eta, beraz, merkataritza osoari buruzko akordio guztietara atxiki baino ezin da egin.

Zein herrialde daude MMEn sarturik?

Hasieran, 1947an, 23 herrialdek baino ez zuten sinatu GATT akordioa. Mendebaldeko Europako eta Amerikako herrialdeak izan ziren sinatzaileak. Gero, herrialde gehiago batu ziren, eta 1979rako, 102 ziren akordioa sinatutako herrialdeak.

1995ean jarri zen martxan MME. Lehen kideak GATTeko 76 herrialde izan ziren, baita Europar Batasuneko herrialdeak ere. Herrialde bat Europar Batasuneko kide bada, ezin du nazioarteko merkataritzari buruz erabaki, merkataritzari buruzko erabakiak Europar Batasunak hartzen baititu.

Gaur egun, 160 estatu baino gehiago daude MMEn; dozena batzuk falta dira oraindik. Baina gainerako estatuak ez dira oso garrantzitsuak munduko merkataritzarako. Herrialdeen arteko merkataritza ia guztia MMEko kideen artean egiten da.

Nola funtzionatzen du MMEk?

MMEk bulego bat du Genevan, Suitzan. Bertan, MMErentzat lan egiten duen idazkaritza bat dago. Halaber, auzitegi bat du desadostasunak konpontzeko. Gainera, estatu kideetako ordezkariak lantaldeetan biltzen dira bertan.

Lantaldeetan, ordezkariek merkataritzari buruz negoziatzen dute, eta beren herrialdearentzat ahalik eta abantaila gehien lortzen saiatzen dira. Azken erabakia Ministro Batzarrak hartzen du. Batzar horretan, estatu kideetako ministroak bildu eta lantaldeek prestatu dutena erabakitzen dute. Lantaldeetan hitz egiten dena sekretutzat hartzen da.

MMEko estatu batek zein muga-zerga nahi duen adierazi behar du. Adibidez, Suitzari elikagaiak saldu nahi badizkio, muga-zerga bat ordaindu behar dio (saltzaileak ordaindu beharreko zerga, produktu bat esportatu ahal izateko). Orduan bakarrik sar daitezke elikagaiak Suitzan. Suitzak erabakitzen du muga-zergaren zenbatekoa. Zerga hori MMEko gainerako estatu kide guztiei aplikatzen zaie, eta, esaterako, Suitzak ezin die Errusiatik datozen merkantziei Txinatik datozen merkantzien muga-zerga desberdina aplikatu.

MMEk aduana-zergak gero eta baxuagoak izatea nahi du. Horregatik ahalbidetzen ditu estatuen arteko akordioak. Era horretako merkataritza-akordio batean, estatuek adosten dute elkarri muga-zerga are baxuagoak kobratzea, edo bat ere ez. Merkataritza-akordio mota horren adibide bat Kanadaren eta Europar Batasunaren arteko ituna da. Kanadako produktuak Europar Batasunean saldu nahi dituenak produktu gutxi batzuengatik bakarrik ordaindu behar ditu muga-zergak.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.