Txikipedia:Molusku
Moluskuak animaliak dira. Ornogabeen artean, bigarren animalia-talde ugariena da. Gorputz biguna dute eta normalean oskola dute haien gorputza babesteko. Hainbat forma eta tamaina ezberdineko moluskuak aurki ditzakegu. Molusku hitza latinetik dator (molluscum), "biguna" esan nahi duen hitz batetik, gorputz biguna dutelako, hain zuzen.
Normalean oskola dute eta ugalketa obiparoa egiten dute. Molusku gehienak herbiboroak dira eta itsasoan bizi dira, baina ibai eta aintziretan ere aurkitu ditzakegu. Espezierik txikienak bakarrik lurrean bizi dira: Barraskiloa, adibidez.
Nola dute gorputza?
Mantu, oskola eta barrunbe paleala
Moluskuen gorputza biguna denez, oskola batek babesten ditu normalean. Haien gorputza hiru ataletan zatituta dago: burua, masa biszerala eta oina. Oskolik ez badute, espikulak izan ditzakete, plaka formakoak, babesteko. Moluskuen oskola sortzeko eta babesteko mantua beharrezkoa da.
Nola elikatzen dira?
Janaria liseritzeko digestio-hodi oso bat dute. Gizakiak bezala, esofago, urdaila eta gibela dituzte. Gainera, heste luzea eta korapilatsua dute. Banakoaren arabera, digestio-hodia sinple edo konplexuagoa da.
Nolakoak dira beraien zentzumenak?
Moluskuen nerbio-sistema oso aldakorra da eta hainbat zentzumen-organo dituzte: begi oso konplexuak dituzte (zefalopodoek, adibidez), estatozistoak oreka mantentzeko, kimioerrezeptoreak, eta papilak eta usain-fosetak arnasketa egiteko.
Nola ugaltzen dira?
Moluskuek gonadak dituzte. Hori dela eta, ugalketa sexuala dute; hau da, sexuaren bidez ugaltzen dira eta eboluzionatzea errazagoa da hainbat aldaketa aurrera eramaten direlako. Sexubakarrekoak edo hemafroditak izan daitezke eta autoernalkuntzaz sortzeko ere gai dira.
Irudi batzuk...
- Moluskuen oskola
- Espikulak mikroskopioan
- Barraskilo dortoka izeneko molusku baten mantua