Txikipedia:Moldavia
Moldavia Europako ekialdean dagoen herrialde txiki bat da. Aurreko garai batean Moldavia Errumaniaren parte zen. Geroago, Sobietar Batasunaren parte izatera igaro zen, baina 1991ean, Sobietar Batasuna desegin zenean, Moldaviak independentzia aldarrikatu zuen. Chisinau da hiriburua.
Herrialdeko populazioaren hiru laurdenak moldaviarrak dira. Moldaviera hitz egiten dute, errumanieraren antzeko hizkuntza. Moldavian badaude errumaniarrak, ukrainarrak, gagauzak, errusiarrak eta bulgariarrak ere.
Jendearen %90 inguru kristau ortodoxoa da. Gelditzen den kopurutik %3 beste erlijio kristau baten jarraitzailea da, eta % 7k ez du erlijiorik. Populazioaren erdia baino gehiago herri txikietan bizi da.
Geografia
Moldavia Balkanetako penintsulako hego ekialdean dago. Ukrainak eta Errumaniak inguratzen dute herrialdea. Ia Moldavia osoa Prut eta Dniester ibaien artean dago. 3.000 ibai eta erreka hegoalderantz joaten dira, Itsaso Beltzean amaitzeko. Bertako lurra laua da, hainbat muinorekin eta lurzoru oparoekin. Moldaviak uda beroak eta negu epelak ditu.
Ekonomia
Independentziaren ostean, Moldavia ekonomia osasuntsua sortzen saiatu zen. Zerbitzuen sektorea ekonomiaren parte garrantzitsu bat izateko bidean dago, gutxi gorabehera populazioaren erdiak horretan egiten du lan. Zerbitzu garrantzitsuenak aseguruak, zerbitzu legalak eta telekomunikazioak dira.
Moldaviako ekonomiaren parte garrantzitsuena, ordea, nekazaritza da oraindik. Batez ere barazkiak, frutak, zerealak, azukre-erremolatxak, ekilore-haziak eta tabakoa landatzen dira. Abeltzaintzan, ardi, txerri eta behiak dira nagusi.
Ardogintza da Moldaviako industria nagusienetako bat. Beste produktu batzuk ere ekoizten dituzte: azukre prozesatua, olio begetala, esnea eta esnekiak, haragia eta frutak. Fabriketan traktoreak eta arropak ere ekoizten dituzte. Moldaviako industria gehiena Transnistrian dago, Dniester ibaiaren ekialdean dagoen eskualdean. Transnistriak Moldaviari independentzia eskatu zion. Bien arteko liskarra txarra izan da Moldaviako industriarentzat.
Historia
Moldaviak jatorriz Besarabia izena zuen. XV. mendean Moldaviarekin batu zen, geroago Errumania bilakatu zen eskualdearekin. XVI. mendean turkiarrek Moldavia konkistatu zuten eta Otomandar Inperioaren parte izatera igaro zen. 1812an Errusiak Besarabiaren kontrola bereganatu zuen. 1912an Besarabia Errusiarren kontrolpetik askatu zen eta Errumaniarekin batu zen.
1940an Sobietar Batasunak Errumaniari Besarabia kendu zion. Sobietarrek Moldavia Dniester ibaiaren ekialdeko lur zati txiki batekin batu zuten, Moldaviako Sobietar Errepublika Sozialista osatzeko. Sobietar Batasuneko 15 errepubliketatik bigarren txikiena zen.
Indarra galtzen joan eta gero, 1991an Sobietar Batasuna desagertu egin zen. Moldaviako Sobietar Errepublika Sozialistak independentzia aldarrikatu zuen eta Moldavia izena hartu. Moldaviako bi eskualdek, hala ere, herrialde berritik banatzea nahi zuten: hegoaldean bizi ziren gagauzek eta Transnistrian bizi ziren ukraniar eta errusiarrek beraien errepublika independenteak sortu nahi zituzten. 1990an gerra zibil labur bat egon zen Moldavia eta Transnistriaren artean, baina 1992an su-etena adostu zuten. 1994an Moldaviak konstituzioan onartu zuen bi eskualdeen gaineko kontrola zeukala.
Independentziaren ondoren, Moldaviaren beste arazo larri bat ekonomia zen. Herrialdeak Errusiarekin merkataritza-harreman estua zeukan, haren menpe zegoen. 90eko hamarkadan Errusiako ekonomiak arazoak izan zituenean Moldaviakoak ere izan zituen. 2006an Errusiarekin merkataritzaren inguruko arazoak eta liskarrak izan zituen Transnistriako gatazka zela eta, horrek Moldaviari arazoak ekarri zizkion. Errusiak Moldaviara gasa esportatzeari utzi zion eta Moldaviako ardoak inportatzea debekatu zuen. Horren guztiaren ondorioz, Moldavia Europako herrialderik txiroenetako bat da.
Argazki batzuk
- Chisinau, hiriburua
- Tiraspol, bigarren hiririk handiena
- Bălți, hirugarren hiririk handiena