Txikipedia:Michelangelo
Michelangelo Buonarroti margolari, eskultore eta arkitekto italiar bat izan zen Errenazimentu garaian, artista oso handitzat hartzen dena.
👶 Jaiotza 1475eko martxoaren 6a Caprese Michelangelo |
💀 Heriotza 1564ko otsailaren 18a Erroma |
🔨 Lanbidea eskultore |
📷 Argazkiak ikusi |
Michelangelo 1475. urtean jaio zen Capresen, Florentziatik gertu dagoen hiri batean, Italian; 13 urte zituela artea ikasten hasi zen Florentziako margolari ospetsuenetako batekin, Domenico Ghirlandaiorekin.
Geroago, Erromara joan zen. 1498. urtean, pietà bat lantzeko eskatu zioten: hau da, Ama Birjinaren irudi bat, Jesus hilaren gorputza altzoan duela. Michelangelok marmolez egin zuen artelanak ospe handia eman zion.
1501. urtean, Florentziara bueltatu zen, eta han beste estatua oso ospetsu bat landu zuen, "David" delakoa; marmolezko estatua erraldoi honek gizon gazte bat irudikatzen du, eskuan harriak jaurtitzeko habaila bat duena. Bibliaren arabera Antzinako Israelgo errege bat izan zen David, baina, errege bihurtu aurretik, artzain gazte bat izan zen, filisteoen kontrako gerra batean parte hartu zuena; Bibliako istorioaren arabera, habaila bat erabili zuen Goliat erraldoia hiltzeko. Estatua zoragarri honetan, Davidek giza irudi perfektoari buruzko ideia errenazentista irudikatzen du.
1505. urtean, Julio II. a Aita Santuak Michelangelori dei egin zion Erromara joateko, Aita Santuaren hilobiko estatuak egiteko. Geroago, 1508. urtean Aita Santuak Kapera Sixtinoaren sabaia margotzeko eskatu zion. Michelangelok hainbat urte igaro zituen sabaian lan egiten, eta fresko liluragarriak egin zituen, igeltsu hezearen gainean sorturiko margoak, alegia. 18 metroko altuera zuen plataforma batera igota lan egiten zuen. Fresko honen eszena nagusietan, Bibliako istorioak agertzen dira, adibidez Jainkoak Adam nola sortu zuen.
Obra amaitu ondoren, Michelangelo Florentziara bueltatu zen; han, marmolezko kapera bat diseinatu zuen Medici familia boteretsuarentzat. Kaperarako landu zituen marmolezko estatuak berak egindako eskultura guztien arteko handienetarikoak dira.
1534. urtean, beste fresko bat hasi zuen Kapera Sixtinorako, "Azken judizioa". Bere bizitzaren gainerako urteak margolan honetan lan egiten eta poesia idazten igaro zituen. Erromako San Petri basilikako kupula harrigarria ere diseinatu zuen. Hiri horretan hil zen 1564. urtean.
Michelangeloren artelan batzuen argazkiak
- "Pietà "
- "David"
- "Azken judizioa"
- San Petri basilikako kupula