Txikipedia:Metal
Metal gehienak elektrizitatearen eta beroaren eroale onak dira, baita gogorrak eta dentsitate handikoak ere. Guztiak solidoak dira merkurioa izan ezik; azken hori likidoa da. Taula periodikoan, elementuak masaren arabera daude ordenaturik, eta borotik poloniora bitarteko lerro diagonalaren ezkerraldean daudenak dira metalak. Bestalde, bi osagaiz osatutako nahasketari aleazioa deritzo, baldin eta nahasketaren elementu nagusia metala bada.
Historiaurretik, gizakiak metodo ugari erabili ditu metalak lantzeko; Brontze Aroa eta Burdin Aroa ezagunak dira. Gaur egun, metalek indar eta iraunkortasun handia dutenez, hainbat arlotan erabiltzen ditugu, hala nola eraikinetan, ibilgailuetan, garraiobideetan, hodietan, errepide-seinaletan... Metal erabilienak burdina eta aluminioa dira; izan ere, metal arruntenak dira lurrazalean. Horretaz gain, sarritan, burdina altzairuz egindako aleaziorako erabiltzen dugu. Burdina purua baino askoz gogorragoa da altzairua, eta horren % 2,1 karbonoa da.
Metalak elektrizitatearen eroale onak direnez, tresna elektrikoetarako erabiltzen ditugu. Gainera, korronte elektrikoa urruneko lekuetara eraman dezakete, eta ez dute bidean ia energiarik galtzen. Horregatik, elektrizitate-sare elektrikoek metalezko kableak (kobrezkoak, normalean) dituzte. Metalak beroaren eroale onak ere badirenez, sukaldeko tresnetarako erabiltzen ditugu.
Elementu jakin batzuek osatzen dute metalen kategoria, eta denek elkarren antzeko ezaugarriak dituzte, osagai kimikoei eta propietate fisikoei dagokienez. Naturan aurki ditzakegu; eta, gizakion garapenerako, funtsezkoa izan zen metalak erabiltzeko teknikak garatzea.
Atomo bakoitzak inguruan beste atomo batzuk ditu, eta horiek elementu metaliko berekoak dira. Atomoen tamainaren arabera, atomo bat elementu bereko 8 edo 12 atomoz inguratuta egon daiteke. Eta horiek sare kristalinoak sortzen dituzte. Atomo guztien elektroiak askerik mugitzen direnez atomoen artean, indar erakargarri berberak sortzen dituzte norabide guztietan.
Aleazio metalikoak
Aleazio metalikoa, gutxienez, bi elementu metalikoz osaturiko nahasketa da, eta propietate zehatzak (masa, bolumena, dentsitatea, distira…) ditu.
Aleazioen adibideak:
- Brontzea: kobrea eta eztainua da, eta beste elementu batzuk ere izan ditzake.
- Duraluminioa: aluminioa eta kobrea da, eta beste elementu batzuk ere izan ditzake.
- Latorria: kobrea eta zinka da.
- Altzairua: burdina eta karbonoa da, eta beste elementu batzuk ere izan ditzake.
- Altzairu herdoilgaitzetan, altzairu normaletan dauden elementuez gain, kromoa, nikela eta, kasu batzuetan, molibdenoa ager daitezke.
Metalen ezaugarriak
Metal gehienak giro-tenperaturan (25 °C) solidoak dira, merkurioa (Hg) izan ezik. Bera da naturan aurkitutako metal bakarra likido-egoeran; eta zilar-kolorea eta distira metalikoa ditu.
Xaflakorrak dira: oso xafla edota plaka meheak egiteko erabiltzen ditugu.
Harikorrak dira: metalen gainazalean presio egokia jasotzean, harien edota xaflen forma har dezakete.
Korronte elektrikoaren eta beroaren eroale onak dira; izan ere, metalek elektroi askeak dituzte, eta atomoen artean elektroiak aske mugitzeko gai dira. Ondorioz, elektroiek azkar zeharkatzen dute metal-sarea osorik.
Kanpoko tentsio baten menpe daudenean, elektroi libre horiek kanpoko iturriaren polo positiborantz zuzentzen dira. Elektroien mugimendu horri korronte elektrikoa deritzo.
Metalek beste substantziek baino 10-100 aldiz azkarrago garraiatzen dituzte beroa eta elektrizitatea.
Adibideak: transmisio elektrikorako, kobrezko eta aluminiozko hariak erabiltzen ditugu; eta transmisio termikorako, aluminiozko zartagin eta lapikoak sukaldaritzan.
Distira dute: objektu metalikoen azalean dauden elektroiek argia xurgatzen eta islatzen dute.
Urtze-puntu eta irakite-puntu altuak dituzte; izan ere, katioi metalikoen eta elektroi-hodeien artean sortzen den indar elektrostatikoa oso handia denez, atomoek lotura indartsuak dituzte. Lotura horiek apurtzeko, kanpotik bero-energia handia eman behar diegu.
Trakzio-erresistentzia handia dute. Hari metalikoak hauskaitzak dira trakzio-indarra aplikatzen zaienean, eta luzatzeko gaitasun handiagoa dute apurtzekoa baino. Hori gertatzen da lotura metalikoa oso indartsua delako eta apurtzea oso zaila delako.
Metalak eguneroko bizitzan
Naturan, metalak nonahi topa ditzakegu. Askotan entzuten dugu, ahalegin fisiko luze baten ondoren, atleta batek gatz mineralak berritu beharra dituela. Hori egin behar dugu, hain zuzen ere, gorputzean ditugun mineralak ezinbestekoak ditugulako funtzionamendu egokia ziurtatzeko. Mineral horiek, gorputzean, ura xurgatzen eta gordetzen laguntzen digute. Edari isotonikoek, ura eta mineral horiek dituztenez, gorputza hidratatuta mantentzeko balio dute.
Gainera, metalak hainbat gai fabrikatzeko erabiltzen ditugu: eltzeak, etxetresna elektrikoak, ordenagailuak, egiturak eraikuntzan, botikak (psikiatrian, litioa erabiltzen da, esate baterako), protesiak eta makineria industrian.
Bestalde, meategi handietan, jende askok egiten du lan metalak erauzteko. Baina, mineralak erauzteko lan horiek oso ondorio kaltegarriak dakarzkio ingurumenari.