Txikipedia:Merkurio (planeta)
Merkurio eguzki-sistemako planeta bat da. Eguzki-sistemako lau barne-planetetako bat da eta sistema osoko planetarik txikiena: 4.878 km-ko diametroa du; bestela esanda, Lurra baino hiru aldiz txikiagoa da.
Gure eguzki-sisteman, Merkurio da Eguzkitik hurbilen dagoen planeta: 58 milioi kilometrora dago, gutxi gorabehera. Hala ere, distantzia hori asko aldatzen da, planetaren orbita oso eliptikoa delako (46 eta 69 kilometro artekoa).
Merkuriok bere ardatzaren inguruan egiten du poliki-poliki bira: haren errotazio-denbora Lurreko 58 egun eta 16 ordukoa da. Horrek esan nahi du Merkurioko egun bat lurreko ia bi hilabete direla! Hain poliki egiten duenez bira, Eguzkiari begira dagoen planetaren aldeak denbora asko ematen du berotzen, eta 430 ºC-ko tenperatura hartzera iristen da. Eguzkiari begira ez dagoen aldeak, berriz, denbora asko igarotzen du hozten, eta –180 ºC-ra arte jaisten da bere tenperatura.
Planetaren translazio-mugimendua Lurreko 87 egun eta 23 ordukoa da.
Merkuriok, gainazalean, Ilargiak dituenaren antzerako kraterrak dauzka. Hala ere, Merkurioko krater gehienek jatorri bolkanikoa dute, eta Ilargiarenak, berriz, meteoritoek sortu dituzte.