Txikipedia:Meridiano
Meridianoak koordenatu geografikoetan erabiltzen diren asmatutako lerro batzuk dira; zehazki, lurraren errepresentazioetan, bi poloetatik igarotzen diren lerro edo zirkulu-erdiak dira. Mundua mapa batean irudikatzeko dagoen Peters-en proiekzioan, meridianoak lerro bertikalak dira. Paraleloekin batera, gure planetako edozein puntu, hiri edo herri errazago aurkitzeko erabiltzen dira. Meridiano guztiek luzera bera dute, 20.000 kilometro inguru, lurraren diametroaren erdia (20.093,93 km zehazki).
Washingtonen 1884an egindako nazioarteko zientzia-bilera batean erabaki zen erreferentziazko meridiano edo lehen meridiano bakar bat izendatu behar zela, ordura arte erabiltzen ziren ugarien ordez; eta Ingalaterrako Greenwich hiriko behatokia zeharkatzen duena izendatu zen horretarako. Hortik ekialdera, 180 meridiano eta mendebalera beste 180 meridiano egongo zirela erabaki zen (lurrak, beraz, 360 meridiano ditu guztira, lurraren zirkunferentziak 360º dituelako). Alegia, meridiano bakoitzari gradu bat dagokio. Greenwicheko meridianoak lurra bi zati edo hemisferiotan banatzen duela esaten da: meridianotik eskuinera, Ekialdeko hemisferioa dago (0º eta 180º arteko ekialde-longitudeak); eta ezkerrera, Mendebaleko hemisferioa (0º eta 180º arteko mendebale-longitudeak). Meridianoak paraleloekiko perpendikularrak dira, eta haien bidez, lurreko puntu bakoitzaren longitudea neurtzen da, gradutan; horrela jakin daiteke zer distantzia dagoen puntu horretatik lehen meridianora, bai eskuinerantz (ekialderantz) bai ezkerrerantz (mendebalerantz) ere; Greenwicheko meridiano edo lehen meridianoaren longitudea 0º da.
Lehen meridianotik abiatuta, lurreko ordu-eremu edo ordu-zonak ere erabaki ziren: 0 gradutik hasita ekialderantz, orduak gehitu egiten dira, eta mendebalerantz, aldiz, gutxitu. Orduak 24 direnez, 24 ordu-zona daude eta bakoitzari 15º dagozkio.