Txikipedia:Marte
Marte eguzki-sistemako planeta bat da, Eguzkitik hasita laugarrena (hirugarrena, Lurra da); eguzkitik ia 228 milioi km-ra dago. Antzinako erromatarrek Marte izeneko gerra-jainkoaren izena ipini zioten, kolore gorrixka duelako, odolak bezala.
Martek Lurraren tamainaren erdia du, gutxi gorabehera; Lurrak bezala, atmosfera ere badu, baina nahiko fina, bai eta urte-sasoi desberdinak ere. Baina bertan ez da ezer hazitzen: hauts eta harriz betetako desertu edo basamortu bat da oso-osorik.
Lurretik Martera dagoen distantzia asko aldatzen da planeten kokapenaren arabera: elkarrengandik urrutien daudenean, planeta bien artean eguzkia dagoenean, bien arteko distantzia ia 400 milioi km-koa izan daiteke; aldiz, bi planetak elkarrengandik hurbilen daudenean, distantzia hori 55 milioi km-koa izaten da.
Martek berak kolore gorrixka du, gainazalean dituen mineralen eraginez; haren atmosferan planetako hauts ugari dago, kolore horretakoa, eta, horregatik, zeruak ere kolore horixe du.
Marteko grabitatea Lurrekoa baino hiru aldiz ahulagoa da. Planeta lehorra eta solidoa da, baina noizbait ura edo ozeanoak izan zituela uste da. Orbita oso bat egiteko, 24 ordu eta 37 minutu erabiltzen ditu: Lurrak bezala ia.
Martek bi ilargi ditu: Phobos eta Deimos, noizbait asteroideak izandakoak.
Aurpegi bat Marten?
1976. urtean, gizakiek Martera bidalitako espazio-zunda (esplorazio-gailu) batek argazki ospetsu batzuk egin zituen; bertan, eskultura erraldoi baten aurpegia ikusi zuten pertsona askok; izaki adimentsuek egindako zerbait zela pentsatu nahi izan zuen jende askok. Baina argazki haiek ez ziren oso onak; geroago, 1998, 2001 eta 2002. urtean, beste zunda batzuk bidali ziren bertara, eta argi eta garbi ikusi zen mendi bat besterik ez zela.
- Ustezko aurpegia
- Marteko mendia