Txikipedia:Mamut iletsua
Mamut iletsua duela 3.700 urtera arte bizi izan zen azken mamut-espezieetako bat da. Gehienak Pleistozeno izeneko garaian (duela 10.000 urte inguru) desagertu ziren, baina espezie nano batek gure garaia baino 1.700 urte lehenagora arte iraun zuen Siberiako Wrangel uhartean, Errusian. Mamut iletsuaren aztarnak Ipar Amerikan, Artikoko uharte batzuetan eta Siberian aurkitu dira.
Eme zahar batek zuzendutako taldeetan bizi ziren. Mamut iletsuek 2,50 m inguru neurtzen zuten, eta 3 tonaraino iristen ziren. Egunean 200 kg landare jan zitzaketen, eta 60-70 urtez bizi izaten ziren.
Zenbait mamut iletsu izoztuta topatu dira; haietako lehena 1806an topatu zuten, Siberiako Yakutsk hiri inguruan. 1977an, mamut iletsu kume bat izoztuta agertu zen Siberiako ipar-ekialdean, Kolyma ibaiaren adar batean. Hil zenean 7 edo 8 hilabete izango zituen, 100 kg inguru zituen eta 104 cm-ko altuera. Zientzialarien arabera, duela 40.000 urte bizi izan zen. Haren barneko organoak gaur egungo elefanteek dituztenen antzekoak dira, baina haren belarriak askoz ere txikiagoak dira adin bereko elefante afrikar batenak baino.