Txikipedia:Madagaskar
Madagaskar Afrikaren hego-ekialdeko kostaren aurrean dagoen uharte eta herrialde bat da. Munduko laugarren uharte handiena da; Groenlandia, Ginea Berria eta Borneo bakarrik dira handiagoak. Duen lur gorria dela eta, Irla Gorri Handia izenez ere ezagutzen da. Antananarivo du hiriburua.
👨👨👦👦 Biztanleak 25.570.895 |
🔎 Azalera 587.295 km² |
🏙️ Hiriburua Antananarivo |
📷 Argazkiak ikusi |
🗺️ |
Geografia
Ekialdeko Indiako ozeanoan dago. Mozambikeko kanalak bereizten du irla Afrikako kostatik.
Madagaskarren erdialdea goi-lautada bat da. Eremu batzuetan, mendiak goi-ordokia baino altuagoak dira. Maromokotroko tontorra da irlako punturik altuena, iparraldean: 2.876 metroko altuera du. Lautada mehe bat dago ekialdeko kostan barrena. Hegoaldean goi-ordoki apalagoak daude. Ibaiak laburrak eta azkarrak dira ekialdean; hegoaldean, ordea, luzeagoak.
Ekialdeko kostak klima tropikal epelagoa eta hezeagoa du. Erdiko lautada freskoagoa da. Hego-ekialdea lehorragoa da.
Biztanleak
Malgaxeak dira Madagaskarreko biztanleak. Malgaxeek erlazio estuagoa dute indonesiarrekin afrikarrekin baino, herrialdea Afrikatik gertuago dagoen arren. Malgaxeak 20 taldetan sailkatzen dira. Merina taldea da handiena. Afrikako beste leku batzuetatik, Asiatik, Frantziatik eta gertuko Komoreak uharteetatik datozen talde txikiak ere badaude.
Madagaskarreko biztanle askok malgaxe hizkuntza eta frantsesa hitz egiten dituzte. Gutxi gorabehera, biztanleen erdia kristaua da, eta gainontzeko gehiengoak malgaxe ohitura erlijioso tradizionalak ditu. Heren bat baino gutxiago bizi da hirietan. Ekialdean daude hiri eta herri garrantzitsu gehienak.
Ekonomia
Madagaskar herrialde txiroa da. Herritar ia guztiak bizi dira nekazaritzatik eta zebu izeneko ganadu konkordunak haztetik. Arroza da landatzen den elikagai nagusia. Nekazariak banilla eta iltze izeneko espezia landatzen dituzte, gero beste herrialdeei saltzeko. Kafea, azukrea eta izkirak ere produzitzen ditu Madagaskarrek.
Madagaskarreko industria txikiek batez ere oihalak, arropa, zementua, xaboia, garagardoa eta zigarretak fabrikatzen dituzte. Meatzeetatik grafitoa, urrea eta harribitxiak ateratzen dituzte.
Landare eta animaliak
Larreek osatzen dute irlaren zati handiena. Kostaldean oraindik ere mantentzen dira oihan tropikalak eta mangladiak. Era berean, Madagaskarren ehunka orkidea mota hazten dira.
Munduan beste inon ez dauden animalia motak daude Madagaskarren. Bi adibide lemurrak eta Cryptoprocta feroxak izango genituzke. Zuhaitzetan bizi diren animaliak dira lemurrak, tximinoen antzekoak. Cryptoprocta feroxak katuen antzeko ugaztunak dira, eta txoriak eta lemurrak harrapatzen dituzte. Herrialdeak ere milaka tximeleta, kameleoi eta krokodilo ditu.
Historia apur bat
Lehendabiziko biztanleak duela 1.000 urte baino gehiago heldu ziren Madagaskarrera Indonesiatik. Merkatari arabiarrak irlara II. mendea baino lehenago heldu ziren. Portugesek 1500 inguruan bisitatu zuten Madagaskar. Frantsesek merkataritza postuak ezarri zituzten XVII. mendean.
XIX. mende hasieran merina etniaren magalxe erreinuak irlaren zati handi bat konkistatu zuen. Frantsesek 1895an merina etnia garaitu zuen; orduan, Frantziak irla koloniatzat hartu eta gobernatu zuen. 1960an irla Errepublika Malgaxe independentea bihurtu zen.
70eko hamarkadan, militarrek boterea eskuratu zuten. Madagaskar izena eman zitzaion herrialdeari 1975ean. 1992an Madagaskarrek hauteskunde askeak izan zituen lehenengo aldiz 17 urtean.
Irudiak
- Antananarivo
- Tsingy parke naturala
- Baobab zuhaitzak
- Lemurrak