Txikipedia:Lurrazal
Lurrazala Lurraren kanpoko geruza gogorra da, geruza guztietan azalekoena. Lurraren bolumen osoaren %1 inguru besterik ez da.
Egoera solidoan dauden harriez osatuta dago, eta haren elementu ohikoenak silizioa, oxigenoa, aluminioa eta magnesioa dira. Lurrazalaren lodiera ez da konstantea edo berdina leku guztietan: hondo ozeanikoetan 12 km izatera heldu daiteke, eta kontinenteetako gune menditsuetan 80 km izatera.
Lurrazalaren azpian mantua dago. Lurrazalak eta goiko mantuak litosfera delako geruza osatzen dute. Litosfera hainbat zatitan dago puskatuta; plaka tektonikoak deitzen zaie zati horiei.
Lurrazala bi motatakoa da:
- Lurrazal kontinentala: multzo kontinentalak eratzen dituena da; Lurraren azaleraren %25 betetzen du eta jatorri ezberdineko arrokez osatuta dago, baina harririk ugariena granitoa da. Lurrazal ozeanikoa baino lodiagoa da, 30 eta 50 km bitarteko lodiera baitu.
- Lurrazal ozeanikoa: hondo ozeanikoa eratzen du; hau da, itsaspean dagoen lur zatia da. Lurraren azaleraren %75 betetzen du, baina lurrazal kontinentala baino meheagoa da: 5 eta 7 km bitarteko lodiera besterik ez du. Harririk ugariena basaltoa da.
Lurrazalaren tenperatura desberdina da, sakontasunaren arabera: zenbat eta sakonago, tenperatura handiagoa izaten du, energia geotermikoaren ondorioz. Lurrazala eta mantua elkartzen diren tokian, tenperaturak 200 °C eta 400 °C artean egon daitezke. Lurrazalaren gainaldea da geruzarik hotzena, atmosferaren eraginpean dagoelako.