Txikipedia:Lurraren mugimenduak
Lurraren mugimenduak Lur planetak egiten dituen mugimenduak dira. Izan ere, Lurra ez dago espazioan geldirik; Eguzki-sistemako beste planetek bezala, Lurrak ere bi mugimendu egiten ditu nagusiki:
Lurraren errotazio-mugimendua
Lurra bere ardatzaren inguruan jiratzeari errotazioa deitzen diogu. Ardatz hori (errotazio-ardatza deitzen zaio) irudizko lerro bat da, polo batetik bestera doana Lur barru osoa alderik alde zeharkatuz. Jira oso bat egiteko, egun bat behar izaten du Lurrak.
Gure planetak esfera forma duenez, eguzki izpiak ez dira aldi berean iristen planetaren gainazal guztira. Horrek esan nahi du Lurraren zati batek argia jasotzen duela, eta bestean ilunpetan dagoela. Dena dela, Lurraren errotazio-mugimenduren ondorioz, Lurreko puntu bakoitzean, egunaren ondoren gaua dator; egunen eta gauen iraupena ez da beti berdina izaten, urtean zehar aldatu egiten da.
Egunen eta gauen txandatze horrek Lurreko tenperatura erregulatzen du: egunez, Eguzkiaren argia hartzen duen zatia berotu egiten da, eta Eguzkiaren argirik hartzen ez duen zatia hoztu egiten da.
Lurraren translazio-mugimendua
Lurra eguzkiaren inguruan jiratzeari translazioa deitzen diogu. Jira horri orbita deitzen zaio, eta, gure planetaren kasuan, jira hori ez da biribila, eliptikoa baizik. Gure planetak urte bat behar izaten du jira osoa egiteko; zehazkiago esanda, 365 egun eta ia 6 ordu behar ditu. Denbora neurtzeko erabiltzen dugun moduaren eraginez, lau urte igarotzen direnean, 6 ordu horiek 24 bihurtzen dira; horregatik, lau urterik behin egun bat eransten diogu egutegiko urte bati, gehiegizko ordu horiek konpentsatzeko. Urte horri bisurtea deitzen diogu, eta 366 egun ditu.
Lurraren mugimenduak eta urte-sasoiak
Guk nabaritzen ez dugun arren, Lurra etengabe mugitzen ari da: egunero ikusten dugu Eguzkia ateratzen eta sartzen; edo urtero, hotz egiten du garai berean eta, urte erdia igaro ondoren, berriro ere bero egiten du. Lurraren mugimenduengatik gertatzen dira aldaketa horiek, besteak beste.
Lehendabiziko kasuan, ez da Eguzkia Lurraren inguruan mugitzen dena, alderantziz baizik, gure planeta baita etengabe jiraka dabilena bere ardatzaren inguruan (errotazioa); eta, bigarren kasuan, berriz, Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen mugimenduaren (translazioaren) eraginez, eguzki izpiak inklinazio desberdinaz iristen dira hemisferio bakoitzera urtean zehar; horregatik, eguzki izpiek berotasun handiagoa ematen dute urte-sasoi jakin batzuetan, eta beste batzuetan txikiagoa. Horrela sortzen dira urtaro desberdinak.
Beraz, Lurraren ardatzaren inklinazioa aldatu egiten delako ditugu urte-sasoi desberdinak. Gainera, Lurreko puntu bakoitza eguzkiarekiko angelu desberdinean egoten da urtean zehar: angelu hori 90 graduetatik zenbat eta hurbilago, eguzkiak gehiago jotzen du bete-betean eta, beraz, bero handiagoa sentitzen dugu; aldiz, angelu hori zenbat eta txikiagoa izan, eguzkiak zeharka baino ez du jotzen eta gutxiago berotzen du lurra.