Txikipedia:Luizi
Luizia aldapa maldatsu batetik behera mugitzen den lur, arroka eta bestelako material kantitate handia da. Lur edo arroka geruza bat bere azpian dagoen beste geruza batetik banatzean sortzen dira luiziak. grabitate-indarrak behera erakartzen du aske geratu den geruza.
Luiziek kalte handiak eragin ditzakete. Bere bidetik aurkitzen duten guztia lurperatu edo aurretik eramaten dute. Ibaiak blokeatzen eta etxeak osorik lurperatzen dituzte batzuetan.
Nola gertatzen dira?
Luizi bat gertatzeko, aldapa maldatsu bat da beharrezkoa. Euriak, haizeak, olatuek eta beste natur prozesu batzuek aldapa baten gainazala higatu dezakete. Higadura edo erosio horrek eragin dezake aldapa bat maldatsuegia izatea gailurreko arrokak edo lurra mantentzeko. Erosioak ere malda bateko materiala askatu edo ahuldu dezake. Ondorioz, grabitatearen eraginez, material hori errazago irrista daiteke maldan behera.
Higaduraz gain, beste indar batzuek ere eragin ditzakete luiziak; ekaitzek, desegindako elurrak eta lurrikarek aldapa bateko materiala biguntzen dutenean, adibidez. Lurrikarek, sumendiek eta eraikuntzetako makinek edo leherkariek ere eragin dezakete materiala maldan behera erortzea.
Arroka-jausiak, lokatz fluxuak eta elur-jausiak luizien antzekoak dira. Arroka-jausiak malda edo labar baten gailurretik erortzen diren arrokak dira. Lokatz fluxua beherantz azkar mugitzen den lokatz eta bestelako material-korronte lodia da. Elur-jausia elurrak edo bestelako material batek bat-batean egiten duen beheranzko mugimendua da.