Txikipedia:Lehorte
Lehortea egoten da halako denbora-tarte luze batez euririk ez dagoenean edo oso prezipitazio gutxi dagoenean. Lehortearen eraginez, ur-eskasia egoten da, ibai eta erreketako ura gutxitu egiten da, baita lurpeko ura ere, lurrak hezetasuna galtzen du eta horrek kalte handiak eragin diezaizkioke nekazaritzari eta, batzuetan, baita ganaduari ere.
Normalean, lehortea ur-faltarekin lotzen dugu, baina lehorteek ez dituzte beti hondamenak eragiten. Ingurumenaren eta gizataldeen arteko harremanaren arabera, gerta daiteke lehortea hondamendi bihurtzea edo ez. Izan ere, lehorte oso kaltegarriak ez dira bat-batean gertatzen; denbora luzean pilatzen diren arrazoiengatik gertatzen dira.
Lehorte-motak
Lehorte guztiak ez dira berdinak, badira mota desberdinak, noiz gertatzen diren begiratzen badugu:
- Ustekabeko lehorteak: euria normaltasunez egiten duen lekuetan gertatzen den ezohiko lehorteak dira. Klima hezea duten lekuetan gertatzen dira, baina ez oso lur-eremu zabaletan. Leku hauetan, nekazaritzak eta abeltzaintzak ez dute arazo larriegirik izaten lehorteen eraginez,
- Lehorte iraunkorrak: klima lehorra edo oso lehorra duten lurraldeetan gertatu ohi dira eta denbora luzea iraun dezakete. Leku hauetan oso zaila izaten da nekazaritza eta abeltzaintza normaltasunez garatzea.
- Sasoiko lehorteak: sasoi euritsu eta lehor ondo bereiziak dituzten lekuetan gertatzen dira, klima tropikala edo subtropikala duten lurraldeetan, Ekuatoretik hurbil. Leku hauetan, nekazaritzak euri-sasoia aprobetxatu behar izaten du behar bezala garatzeko.
- Lehorte ikusezinak: lehorte mota hauek udan gertatzen dira, tenperatura handien eraginez lurrak hezetasuna galtzen duenean lurrunketaren ondorioz. Ur-eskasia gertatzen da eta horrek nekazaritzaren errendimentua gutxitu egiten du.
Bestalde, beste lehorte-mota batzuk ere bereiz daitezke haien eraginari begira:
- Lehorte meteorologikoak: euri urriagatik gertatzen direnak dira. Arrazoi desberdinengatik gertatzen dira leku batzuetan eta besteetan.
- Lehorte hidrologikoak: ibai, aintzira eta urtegietako ur-maila halako denbora-tarte batean normaletik behera daudenean gertatzen dira. Lurraren erabilerak ere zerikusia izan dezake era honetako lehorteetan.
- Nekazaritza-lehorteak: laboreetarako behar den hezetasuna falta denean nekazaritzara bideratzen diren lurretan. Labore bakoitzaren arabera joaten da, labore guztiek ez baitute ur-behar berbera.
- Lehorte sozioekonomikoak: gizakiengan eta haien jarduera ekonomikoetan eragin kaltegarria dutenak dira. Giza jardueren presio gero eta handiagoak pisu gero eta handiagoa ematen dio lehorte-mota honi, eta, ondorioz, galera ekonomikoak ere gero eta handiagoak izaten dira.
Zergatik gertatzen dira?
Lehorteak ez dira gertatzen euri gutxi egiten duelako bakarrik. Badira beste arrazoi batzuk ere, batzuk naturalak eta beste batzuk gizakiarengatik direnak.
Arrazoi naturalen artean, ozeanoetako eta atmosferako ziklo klimatikoak daude; adibidez, El Niño deritzan fenomeno atmosferikoak lehorte larriak eragiten ditu Hego Amerikan eta Australian; Iberiar penintsularaino ere iristen da batzuetan haren eragina.
Gizakiaren erruz ere gertatzen dira lehorteak, batez ere, gizakien jarduerek eragindako berotze globalagatik eta horri lotutako arrazoiengatik: basogabetzeagatik, lurzoruaren degradazioagatik eta desertifikazioagatik, besteak beste. Gainera, nekazaritzaren gehiegizko ustiapenak ere eragin kaltegarria izaten du, gehiegizko ureztapenak ur-baliabideak gutxitu egiten dituelako, lurraren higadura azkartzen duelako, eta desertifikazio-arriskua handitzen duten jarduerak egiten dituelako.
Zer ondorio dituzte?
Urak egundoko garrantzia du gure planetarentzat eta izaki bizidun guztientzat, baita gizakiontzat ere, jakina. Hori dela eta, lekuren batean lehorte handia dagoenean, ondorio oso kaltegarriak izaten ditu; are gehiago, batzuetan hondamendi bat eragiten du.
Hauek dira lehorte larrien ondoriorik ohikoenak:
- Nekazarien uztak galdu edo asko gutxitu, eta, batzuetan, abereen heriotza. Horren eraginez, nekazari-abeltzainek irabaziak galdu eta elikagaien edo janarien ekoizpena asko gutxitzen da.
- Elikagai-eskasiaren ondorioz, janarien prezioak gora egiten du eta jende behartsuenak arazoak izan ditzake janariak eskuratzeko.
- Biztanle askoren malnutrizioa, deshidratazioa eta gaixotasunak.
- Zenbait lekutan, goseteak ager daitezke, eta abere eta jende asko hil.
- Gizakien eta animalien goseteak bultza dezake.
- Ekosistemek kalteak jaso eta biodibertsitatea gutxitu egin daiteke, animalia eta landare espezie batzuk galtzen direnean.
- Klima lehorreko lurraldeen desertifikazioak aurrera egin dezake.
- Herrialdeen arteko tentsio eta gatazkak gerta daitezke.
Azken urteotan, oso lehorte larriak eta luzeak gertatu dira klima-aldaketaren ondorioz munduko leku askotan. Adibidez, 2018an, lehorte iraunkor batek Afganistaneko uztak hondatu zituen, eta ehunka mila pertsona pobrezian hondoratu zituen; NBEaren arabera, 260.000 lagunek utzi behar izan zituzten beren lurrak eta etxeak 2018ko lehortearengatik.