Txikipedia:Lehen hizkuntza

Lehen hizkuntza pertsona batek jaiotzetik ikasi duen hizkuntza bat da, edo pertsona horrek hobekien hitz egiten duen hizkuntza. Pertsona batek lehen hizkuntza bat baino gehiago izan ditzake; adibidez, oso ohikoa da euskal herritar batek Euskal Herriko hiru hizkuntza nagusietatik (euskara, frantsesa eta gaztelania) bi izatea lehen hizkuntza.

Elebitasunaren adibide den kartela.

Ama-hizkuntza ere deitzen zaio, baina hori termino sexista da, lehen hizkuntza ez baita beti amarengandik jasotzen.[1]

Ikasketa

Haur batek bere familiaren bitartez ikasten ditu bere lehen hizkuntzaren oinarriak. Uste denez, lehen hizkuntza pentsamenduaren oinarria da, beraz, oso garrantzitsua da gaitasun hauek garatzea. Izan ere, lehen hizkuntza ongi ikasten ez bada, bigarren hizkuntza bat ikasteko zailtasunak egon daitezke.

Elebitasuna

Pertsona batek bi hizkuntza edo gehiago dituenean lehen hizkuntza, elebiduna dela esaten da. Hizkuntza horiek zer ordenatan ikasi diren ez du hain axola handirik; ez du berez adierazten hizkuntza horietan duen jakintza maila. Adibidez, posible da pertsona batek euskara ikasi izana lehenengo, baina ingelesez maila hobea izatea geroago, ondoren herrialde ingelesdun batera bizitzera joan delako.

Elebitasuna oso zabalduta dago munduan; esate baterako, Euskal Herrian; Hego Euskal Herrian ohikoa da euskara eta gaztelania izatea lehen hizkuntza; eta Ipar Euskal Herrian, euskara eta frantsesa.

Erreferentziak

  1. Pastor, Jose Mari. «Lehen hizkuntza» Berria (Noiz kontsultatua: 2019-02-18).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.