Txikipedia:Latinoamerika

Latinoamerika Mexikok, Erdialdeko Amerikak eta Hego Amerikak osatutako lurralde zabala da. Mendebaldeko Indietako irla batzuk ere hartzen ditu, Karibe Itsasoan. Latinoamerikatzat ezagutzen da gune hori, jende gehiena latinetik (antzinako erromatarren hizkuntzatik) datozen hizkuntzetan mintzo delako. Hizkuntza horien artean daude gaztelania, portugesa eta frantsesa.

Latinoamerikako eskualde desberdinak.

Latinoamerikar askok jatorri amerindiar, europar eta afrikarraren arteko nahasketa bat dute. Jende gehienak gaztelania edo portugesa hitz egiten du. Guyana Frantsesean eta Mendebaldeko Indietako zati batean frantsesez hitz egiten dute. Milioika amerindiar bertako hizkuntzan mintzatzen dira. Latinoamerikar gehienak katolikoak dira.

Historia

Ameriketako herri indigenak gaur egun Latinoamerika den eskualdean bizi izan ziren milaka urtez, europarrak iritsi aurretik. Herri horien artean zeuden maiak, aztekak, inkak eta beste asko.

1492an Kristobal Kolon Mendebaldeko Indietan lehorreratu zen. Bidaia horrek markatu zuen europarren esplorazioaren hasiera Ameriketan. Espainiarrek Latinoamerikako zati handi bat konkistatu zuten XVI. mendean. Amerindiar asko hil ziren europarren kontra borrokan edota Europatik ekarri zituzten gaixotasunengatik.

Denborarekin, Espainiak gobernatu zituen Mexiko, Erdialdeko Amerika, Hegoamerikako zati handi bat eta Mendebaldeko Indietako zati ugari. Portugalek Brasil gobernatu zuen. Frantziak gaur egun Guyana Frantsesa dena eta Karibeko irla ugari erreklamatu zituen. Europar asko finkatu ziren gune horietan. Haien hizkuntzak, erlijio katolikoa eta kultura erlijiosoa eraman zituzten bertara. Europarrek afrikar asko ere eraman zituzten esklabotzat.

Latinoamerikako zati handi bat Europatik independizatu zen XIX. mendean. Hala ere, jatorri europarra duten pertsonek arbaso amerindiar edo afrikarrak dituztenek baino botere gehiago dute oraindik. Gaur egun ere, jatorri indiar, afrikar edo mistoa duten pertsonak beste latinoamerikarrak baino pobreagoak izan ohi dira.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.