Txikipedia:Langabezia
Langabezia edo desenplegua lanik gabe gelditu denaren edo lanik lortu ez duenaren egoera da; edo, zehazkiago, lan egin nahi bai baina lanik lortzen ez duenaren egoera.
Dena dela, lanik egiten ez duten guztiak ez dira langabeak. Adibidez, umeak eta ikasteko adinean dauden gazteak, pertsona zaharrak, ezinduta daudenak eta beste pertsona asko ez dira langabeak: pertsona hauek denak ez daude sartuta biztanleria aktiboan, hau da, lan-merkatuan; hau da, ez dute lan egin behar, ez dute lan egin nahi, ez dira lana bilatzen ari, edo lan egiteko ezinduta daude eta, kasu askotan, Estatuak pentsio bat ematen diete, bizi ahal izateko ordain bat, alegia. Beraz, lanpostu bat duten langileak eta lanpostu bat bilatzen ari diren langabeak dira biztanleria aktiboa.
Zergatik gertatzen da?
Langabezia egoteko arrazoiak asko izan daitezke, besteak beste ondoko hauek:
- Herrialde bateko egoera ekonomikoa txarra izatea eta, horren eraginez, lanpostu asko galtzea eta lana galdu dutenek beste lanpostu bat ezin aurkitu izatea.
- Industriaren garapenaren ondorioz, enpresetan langile gutxiago behar izatea; hori gertatu da, adibidez, langile batek egiten duen lana makina batek, ordenagailu batek edo robot batek egin dezakeenean, eta enpresetan makinak ipintzen dituztenean langileen ordez.
- Langile batek nola lan egiten duen bere enpresari ez gustatzea eta, ondorioz, langile hori lanik gabe geratzea.
- Ekonomiaren sektore batzuek urteko sasoi jakin batzuetan bakarrik izaten dute lana, eta, sasoi horietatik kanpo, sektore horretan lan egiten dutenek ez dute lanik izaten. Adibidez, nekazaritzan gertatzen da hori: uzta jaso behar denean egoten da lana jende askorentzat, baina uzta bukatu eta gero, langile horiek langabeziara joaten dira.
Zer gertatzen da langabeekin?
Norbaitek lana bilatu baina aurkitzen ez duenean, edo lana galdu duenean, desenplegu-bulego batera jo behar izaten du herrialde askotan. Han, Estatuak halako pentsio edo laguntza bat ematen dio, denbora-tarte batez, bizi ahal izateko; denbora-tarte hori desberdina izaten da herrialde batetik bestera, eta langileak lan egin duen denboraren araberakoa ere izaten da; denbora luzez jardun badu lanean, gehiago luzatuko da.
Bestalde, laguntza horiez gain, desenplegu-bulegoetan, langabeentzako ikastaroak ere antolatzen dituzte, lan berrietan aritu ahal izateko edo langabetuen trebetasunak handitzeko eta, beraz, lan bat aurkitzeko aukera gehiago izateko.
Ekonomiaren egoera txarra denean, Estatuak horrelako pentsio edo laguntza ugari eman behar izaten ditu; horregatik, Estatuek ahaleginak egiten dituzte ekonomia hobetzeko edo lan-merkatua arautzeko, langabezia gutxitzeko. Estatuek zergadunen dirua erabiltzen dute pentsio eta laguntza horiek emateko; baina horrek, batzuetan, arazoak sortzen ditu: mundu guztiak ez du beti ondo ikusten zergak ordaindu behar izatea langabeei laguntzeko. Herrialde askotan Estatuak ez du inolako pentsio edo laguntzarik ematen, edo oso laguntza txikiak ematen dituzte. Ondorioz, sarritan, langabe asko pobretu egiten dira eta arazoak dituzte modu duinean bizi ahal izateko.
Nola neurtzen da langabezia?
Langabezia-tasa deitzen den modu bat erabiltzen da langabezia neurtzeko. Hau da, hilero halako galdeketa edo inkesta bat egiten da, biztanleria aktiboa zenbatekoa den jakiteko. Galdeketa horrek hiru taldetan zatikatzen ditu 16 urte edo gehiagoko biztanleria:
- Biztanleria okupatua: ordaindutako lanen bat egiten ari direnak dira, baita gaixotasunagatik, grebengatik edo oporrengatik lanpostura joaten ez diren langileak ere.
- Langabeak: okupatuta ez dauden baina lana bilatu nahi edo espero duten pertsonak dira.
- Biztanleria ez-aktiboa: ikasten ari direnak, etxeko lanak bakarrik egiten dituztenak, erretiratuak, lana egiteko gai ez diren gaixoak edo lana bilatzen ez dituzten pertsona helduak.
Lehendabiziko bi taldeek, biztanleria okupatuak eta langabeek alegia, biztanleria aktiboa osatzen dute. Langabezia-tasa, orduan, langabe kopurua biztanleria aktiboaren kopuruarekin zatituz kalkulatzen da, eta ehunekotan adierazten da. Hau da, biztanleria aktibokoak diren ehun lagunetatik langabezian zenbat dauden adierazten da.
Egoera ekonomiko ona edo oso ona duten herrialdeetan, langabezia-tasa %4 ingurukoa edo gutxiagokoa izaten da. Aldameneko taulan ikus dezakezu Euskal Herriko langabezia-tasa eta haren eboluzio edo bilakaera azken urteotan.