Txikipedia:Landareen elikadura
Landareak beren kabuz elikatzen dira, hau da, beraiek sortzen dituzte behar dituzten elikagaiak. Horri elikadura autotrofoa deitzen zaio.
Horrek esan nahi du landareek ez dutela beste izaki bizidunez elikatu behar; landareen elikaduran hiru prozesu egiten dituzte:
- Ura eta gatz mineralak hartzen dituzte lurretik sustraien bitartez. Batzuetan, sustrai luzeak izaten dituzte, lurreko hezetasuna aurkitzeko.
- Airetik karbono-dioxidoa hartzen dute hostoen bitartez. Hostoek estoma izeneko poro txikiak dituzte horretarako. Beraz, beste izaki bizidunak bezala, landareek ere "arnastu" behar dute bizi ahal izateko.
- Eguzki-argia hartzen dute. Energia-iturri hori behar-beharrezkoa dute fotosintesia deitzen den prozesua egiteko: landareek beren elikagaiak ekoizteko egiten duten prozesuari deitzen zaio fotosintesia.
Nola gertatzen da landareen elikadura?
Urarekin, gatz mineralekin, karbono-dioxidoarekin eta eguzki-argiarekin, landareek substantzia konplexuago batzuk ekoizten dituzte, bizitzeko behar dituztenak. Hori honela egiten dute:
Ura eta gatz mineralak sustraietan dauden ile xurgatzaile batzuetatik eskuratzen dituzte landareek; uraren eta gatz mineralen nahasketari izerdi landugabea deitzen zaio. Izerdi landugabe hori zurtoinetik gora igotzen da hostoetara landareak barruan dituen hodi fin edo mehe batzuetatik. Gero, hostoetan, izerdi landugabea karbono dioxidoaz nahasten da eta fotosintesiaren bidez izerdi landua deitzen dena sortzen du; izerdi landu hori da landarearen elikagaia, eta beste hodi batzuetatik iristen da landarearen zati guztietara.