Txikipedia:Labar-artea
Labar-artea orokorrean haitzuloetan egindako historiaurreko marrazkiak, margolanak edo grabatutako lanak dira. Historiaurreko marrazki eta grabatuak kobazuloen barruan egon ohi dira, baina mendiko harkaitzetan ere badago labar-artea. Harrietan grabatutako irudiei «petroglifo» deitzen zaie.
Labar-arte pinturarik garrantzitsuenak Europan agertu ziren: Lascaux (Frantzia) eta Altamirako kobazuloetan (Espainia); baina gainerako kontinenteetan ere badago labar-artea, Antartidan izan ezik. Euskal Herrian, Ekain edo Santimamiñe kobak aurki ditzakegu.
Labar-pinturak Paleolitoaren bukaera aldekoak dira (zaharrenek 40.000 urte inguru dituzte) eta animalien formak, eskuak edo giza irudiak erakusten dituzte. Beste batzuek giza ekintzak ere irudikatzen dituzte, adibidez, ehiza, edo baita gerra ere.
Zergatik margotzen zuten historiaurreko gizakiek?
Labar-arteari esker jakin dezakegu nolakoa zen historiaurreko gizakien bizimodua. Hala ere, ez dakigu zergatik egiten zituzten pintura horiek. Aditu askok uste dute errituetan erabiltzen zituztela eta zentzu magikoa dutela; hau da, antzinako gizakiek animaliak edo ehizako eszenak margotzen zituztela ehiztariek zorte ona izateko. Beste pertsona batzuei gauzak kontatzeko modua edo ehizan izandako zorte ona ospatzeko modu bat ere izan daitezke.
Nola egiten zuten labar-artea?
Labar-artean erabilitako margoa hainbat materialez egiten zen. Kolore horiak eta gorriak sortzeko, buztina txikitzen zuten eta «okre» izeneko mineralarekin nahastu. Okrea burdinaren forma bat da. Kolore beltza sortzeko, ikatza edo «manganeso oxido» izeneko mineral bat erabiltzen zuten. Kolore zuria, aldiz, buztin mota zehatz batekin egiten zuten.
Historiaurreko artistek urarekin, odolarekin, landare zukuekin edo arrautzaren zuringoarekin nahasten zituzten gero material horiek. Margotzeko, animalien ilez, lumez edo makil hautsiez egindako eskuilak erabiltzen zituzten. Margoetako asko, ziurrenik, eskuaz egin ziren; beste batzuk eskuen aztarna hutsak dira.
Zergatik da garrantzitsua?
Paleolitoko labar-artea giza espeziearen lehenengo adierazpen artistikoa da. Berez duen balio estetikoaz gainera, ikuspegi historikotik ere fenomeno oso garrantzitsua da, gizakiaren Eboluzio garai erabakigarri bat adierazten baitu: Homo sapiens espeziearen agerpena. Hori dela eta, antzinaroko arte hau lehen mailako ondasun kulturala da, gizakion sormenaren eta kulturaren agerpen zoragarria; gainera, arte mota honen kalitate artistiko handiari, zibilizazioaren historiaren lekukotasun bikaina dela ere erantsi behar zaio.