Txikipedia:Laba
Laba deitzen zaio sumendiek, pizten direnean (erupzioan sartzean), kraterretik kanporatzen duten magmari. Harri urtuz osatutako masa da. Sumendiaren barruan dagoen bitartean, magma deitzen zaio.
Labak 700 eta 1.200 °C arteko tenperatura izaten du sumenditik ateratzen denean.
Kraterretik ateratakoan, laba, pixkanaka, hozten hasten da, eta, hoztearekin batera, gogortzen.
Labak kalteak eragin ditzake, baina ondorio onak ere izaten ditu. Kalteen artean, adibidez, Siziliako Etna sumendian, labak eski-instalazio batzuk kaltetu zituen 2001ean; Kongon, 2002an, Nyiragongo sumendiko labak Goma izeneko hiri baten zati bat suntsitu eta jende asko hil zen. Baina, bestetik, itsasoan dauden sumendietako labak uharte berriak sortzen ditu; horrela sortutakoak dira munduko uharte asko, Kanariar uharteak, adibidez.
Nolakoa da laba?
Laba ez da beti berdina sumendi guztietan. Sumendi batzuetan, nahiko likidoa izaten da, eta azkar samar jaisten da menditik behera (kasu batzuetan, orduko 55 km-ko abiaduran); beste sumendi batzuetako laba, aldiz, oso trinkoa izaten da eta oso gutxi mugitzen da. Desberdintasun horiek labaren osakeragatik eta tenperaturagatik gertatzen dira.
Laba guztiek silize portzentaje handia izaten dute. Hiru laba mota bereizi ohi dira, duten silize kopuruaren arabera. Silizearen ehunekoa %65-75 bitartekoa denean, erriolita deitzen zaio; ehunekoa 50-65 bitartekoa denean, andesita deitzen zaio; eta %50 baino gutxiago duen laba basaltoa da. Basaltoa da motarik ohikoena.
Bestalde, harriaz gain, labak gasa ere izaten du. Batzuetan, gas hori poliki askatzen da edo burbuilatan harrapatuta geratzen da laba gogortzen denean. Burbuila horiek oso txikiak eta ugariak direnean, pumita edo apar harria izenekoa sortzen da, oso harri arina, aspalditik erabiltzen dena gorputza garbitzeko, eta ur gainean flotatzen duena.