Txikipedia:Kubismo
Kubismoa XX. mendearen hasieran garatu zen pintura estilo bat da. Margolan kubistek aldi berean angelu ezberdinetatik erakusten dituzte objektuak zein pertsonak. Estilo piktoriko hau bultzatu zutenak bi artista izan ziren: Pablo Picasso eta Georges Braque. Biek uste zuten margoak ez zituela gauza errealistak bakarrik erakutsi behar; horren ordez, gai oso baten atal bakoitza erakutsi nahi zuten.
Picassok Les Demoiselles d'Avignon (Avignongo andereñoak) margotu zuen. Obra hau lehenengo lan kubista da. Hala ere, kubismoak urte bete berandugora arte ez zuen izen hori jaso: Braquen koadroak ikusi ondoren, arte kritiko batek kuboekin eginda zeudela ematen zuela esan zuen; horrek ekarri zuen kubismo izena. Estilo berriak betiko aldatu zuen jendeak pinturari buruz zuen pentsamendua eta beste arte forma batzuetan eragina izan zuen.
Kubismo motak
Lehenengo margolan kubistetan, artistek objektuak deskonposatzen zituzten forma geometrikoetan: kuboak, esferak, zilindroak eta konoak. Artistek jatorrizko objektu baten alde ugariak erakusteko erabili zituzten forma hauek.
Hasierako fasearen ondoren, kubismoak bere bilakaeran aurrera jarraitu zuen. 1910 eta 1912 arteko estilo kubistari kubismo analitikoa deritzo. Artistek gaiak analizatzen zituzten, hau da, begiratu eta margotu ahal zituzten forma ezberdinetan deskonposatzen zituzten angelu ezberdinetatik. Gero atal ezberdinak plano gainjarrien bidez margotzen zituzten, edo forma angeluzuzenen bidez. Margolariek oso kolore gutxi erabiltzen zituzten, ikusleak formei arreta jartzea nahi zutelako. Askotan beltza, marroia, krema, berdea, urdina eta grisa bezalako tonuak erabiltzen zituzten.
1921. urtetik aurrera, artistak kubismo sintetikoa izena zuen estilo berri bat erabiltzen hasi ziren. Estilo berri honetan, margolariek forma ezberdinak nahasten zituzten eta kolore gehiago erabiltzen zituzten. Aldi honetako kubistek ez zuten margoa bakarrik erabiltzen beraien lanetan. Askotan objektuak itsasten zituzten koadroetan, egunkari edo tela zatiak adibidez. Arte estilo berri honi collage deitu zitzaion.
Kubismoaren influentzia
Kubistek hainbat arte forma ezberdinen influentzia zuten, afrikar maskarena adibidez. Margolan egipziarrena ere, ikuspuntu bat baino gehiago erakusten dutenak. Paul Cézanne-ren margolanak beste influentzia iturri bat izan ziren, Cézannek askotan objektuak sinplifikatzen zituen haien forma basikoetara bueltaraziz.
Kubistek, aldi berean, beste margolari batzuengan eragina izan zuten, Picasso eta Braque imitatzen hasi baitziren. Kubismoak beste arte eta diseinu formetan ere izan zuen eragina. Artista asko, Picasso barne, eskultura kubistak egiten hasi ziren. Objektuak forma geometrikoen bidez irudikatzen zituzten, margolariek margolan kubistetan egiten zuten bezala. Arkitekto batzuek ere kubismoaren ideia erabili zuten eraikinak diseinatzeko. Idazle asko ideia kubistak erabiltzen hasi ziren poesia forma berriak egiteko. Arropa-disenatzaileak ere margolan kubisten antza zuten arropak egiten hasi ziren.
Nahiz eta jatorrizko mugimendua 1919. urtearen inguruan amaitu zen, kubismoa gaur egun arte forma ezagunenetarikoa da.